GARA
DONOSTIA

Picasso, Barcelo eta beste zenbait artista garaikideren obrak Okendo aretoan

“Lan grafiko eta anizkoitz garaikidea. Picassotik Barcelora” erakusketan arte garaikidearekin lotutako 23 artistaren 35 lan jarri dituzte ikusgai Donostiako Okendo kultur etxean, ekainaren 22ra arte. Erakusketa Arte Contemporaneo Gacmak eta kultur etxeak antolatu dute elkarlanean eta, azaldu dutenez, bertan jardun artistikoen sorta baten bilakaera erakusten da. «Jardun horiek amankomunean dute bitarteko mekanikoen bidez erreproduzitu daitezkeela. Horrez gain, artistaren eta teknologiaren arteko harremanari buruzko gogoeta bat jasotzen du», azaldu dute.

Gaikako blokeetan bereizi da erakusketako ibilbidea. Diskurtsoak, lehenik, Estatu espainoleko arte garaikidearen jatorria aurkezten du, Pablo Picasso, Salvador Dali eta Joan Miro artisten lanekin; jarraian, abstrakzioaren hizkuntza garatu zuten artisten lan sorta bat ageri da (Antoni Tapies, Rafael Canogar, Antonio Saura eta Eduardo Chillida); eskultura garaikidea, Miguel Berrocal, Eduardo Arroyo eta Pablo Serranoren askotariko lanekin; pop art-a eta serigrafia, Andy Warhol eta Equipo Crónicaren lanekin, besteak beste; eta, amaitzeko, 1980ko eta 1990eko Estatu espainoleko artearen ikuskera poetiko bat, Jaume Plensa, Luis Gordillo, Jose Maria Sicilia eta Miquel Barceloren lanekin.

Modu horretan, antolatzaileen hitzetan, bi sistemaren arteko bidegurutzean kokatzen da erakusketa: arte moderno eta garaikideko bilduma bat eta artearen historia artikulatzea, arte garaikidearen eta erreproduzigarritasun teknikoaren arteko lotura erabiliz.