Maria del Rio
Zuzenbidean doktorea
JOPUNTUA

Maiatzak 17

Kaleak kolorez jantzita ikusiz gero, gogoratu gaurkoa LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dugula. Duela 29 urteko egun berean, homosexualitateak gaixotasun izateari utzi ziolako Osasunaren Mundu Erakundearentzat. Eta hiru hamarkada igaro arren, ezinbesteko aldarrikapen eguna da.

Aurten, gainera, halabeharrez Francis Vadillo datorkigu burura, 40 urte igaro direlako poliziak tiroz hil egin zuenetik Errenteriako diskoteka baten atarian.

Gure artean, behintzat, gauzak hobetu dira, LGTBI kolektiboaren eskubideak gehiago errespetatzen dira eta jasandako indarkeriak murriztu dira. Dena dela, egoera ez da inolaz ere konformatzeko modukoa. Jipoiak, eskola-jazarpena eta lan gutxiespena izaten dira oraindik. Badira ulertzeko zailak diren gertaerak ere. Esaterako, Juan Carlos Elizalde Gasteizko gotzainaren adierazpenak, «terapia zuzentzaileak» nolabait justifikatuz. Era berean, onartezina da lortutako eskubideak etengabe zalantzan jartzen dituen ultraeskuinaren diskurtsoa.

Beste muturrean, baina oso errealak eta salatzeko modukoak ere, izaten dira pinkwashing edo kapitalismo arrosa bezalako fenomenoak. Bihar horren adibide argia izango dugu Tel Aviven, bertan Eurovisioneko finala izango da eta. Israelgo Gobernua lehiaketa famatuak duen «gay friendly» irudia erabiltzen ari da izaera modernoa eta irekia aldarrikatzeko, eta bide batez, giza eskubideen urraketa larriak zuritzeko.

Baina hauek ez dira soilik urrun geratzen diren egoerak. Gurean, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak “Bilbao Bizkaia Harro” aurkeztu berri dute. Ekitaldi handien dinamikarekin jarraitzen dute aniztasun politikak alboratuta dituzten bitartean.

Gaurkotasuna duten arriskuen eta erasoen zerrenda amaigabea da. Hortaz, arratsaldean deituta dauden mobilizazioetan parte hartzeko arrazoiak ere amaigabeak dira. Lortutakoa arriskuan jartzen denean jarrera sendoak izan behar dira, eta ikusarazteko urratsak egin. Atzerapausorik ez; kalera!