Asier AIESTARAN
PILOTA

Urrutikoetxeak zukua atera dio bere hasiera bikainari

Zaratamokoa 14-4 aurreratu da markagailuan eta ederki eutsi dio abantailari finalerako txartela lortzeko.

URRUTIKOETXEA 22

EZKURDIA 14

 

Mikel Urrutikoetxeak bere hirugarren finala jokatuko du Buruz Buruko Txapelketan datorren ekainaren 2an. Zaratamokoak 22-14 menderatu zuen atzo Joseba Ezkurdia Bilboko Bizkaia pilotalekuan eta finaleko aurkariaren zain geratu da: gaur Eibarren jokatzen duten Elezkano II.a edo Irribarria.

Partidaren gakoa lehen erdian egon zela esan liteke. Ezkurdia ongi irten zen kantxara, pilota bizi ateratzen zitzaion eskutik, baina hiruzpalau jokaldi gorabeheratsuren erruz burua apur bat galdu zuen. Adibide modura partidako lehen tantoa bera jar daiteke. Tanto gogorra izan zen, borrokatua, eta bi pilotariak oso nekatuta zeudela Urrutikoetxeak traba apur bat egin zion Ezkurdiari. Nafarrak buelta eskatu zuen, emateko modukoa ematen zuen, baina epaileak ez zuen hala ikusi eta Urrutikoetxea aurreratu zen 1-0.

Ezkurdiak azkar erantzun zuen, horma-biko eder batekin, baina presaka antzean aritu zen lehen tanto horietan eta huts pare bat ere egin zituen. Tantoa gora tantoa behera, markagailuak 4-4ko berdinketa erakusten zuen, eta inork gutxik esperoko zuen ondoren etorriko zena.

Hain zuzen ere, Urrutikoetxearen 10-0ko partzial bat. Bizkaitarra aurrean asmatzen hasi zen, oso serio jokatuz, eta Ezkurdiak ezin izan zuen bere erritmoa inposatu. Eta tarte horretan ere egon zen Ezkurdia bere onetik atera zuen tantoren bat. 7-4koan, esaterako, nafarra kexu azaldu zen aurkariak traba egin ziola eskatuz. Urrutikoetxeak, aldiz, bikain baliatu zuen egoera tanto ikusgarriak eginez (9-4koa horma-bikoz, 10-4koa dejadaz txokoan, 12-4koa paretan luze...) neurketa oso alde ipintzeko.

Erreakzioa, beranduegi

Hortik aurrera, eta Ezkurdia apur bat lasaitu zenean, gogotik saiatu zen nafarra emaitza apur bat estutzen. Erabat ez, baina dezente gerturatzea lortu zuen (14-7, 15-10, 16-12), eta bazirudien Urrutikoetxeari norgehiagoka luze egingo zitzaiola. Bizkaitarrak partida guztian egin zituen zazpi huts horietatik gehienak tarte horretan egin zituen eta ikusteko zegoen Ezkurdiaren hil ala biziko joko horri nola eusteko gai izango zen.

Baina 16-12koan, eta partida bizi-bizi zegoela, Urrutik sekulako tantoa egin zuen txokoan, eta hortxe amaitu zen neurketa. Airez bolea ikusgarria jo zuen txokora, eta tantoa lortzeaz gain, Ezkurdiak sekulako kolpea hartu zuen ezker sorbaldan. Sendagilearen laguntzarekin aldageletara ere sartu behar izan zuen, baina zorionez ez zuen lesio larririk izan arbizuarrak.

Lesiorik ez, baina susperraldirik ere ez. Nafarrak behera egin zuen azken txanpa horretan –partidako azken bi tantoak berak galdutako pilotak izan ziren– eta Urrutikoetxea 22-14 nagusitu zen. Zaratamokoa korrika joan zen bere gurasoei besarkada bana ematera: «Nirekin egiten dituzte bidaia guztiak, uda eta negu, eta nire haserrealdiak beraiek ordaintzen dituzte. Horregatik legezkoa da une onetan ere beraiekin gogoratzea», esan zuen gero.

Ezkurdia, aldiz, burumakur eta haserre joan zen, bere maila eman ez izanaren sentsazioarekin. «Ez naiz eroso egon, ez dut entrenamenduetan egindakoa erakutsi. Baliteke hasieran burua apur bat galtzea, baina orokorrean ni baino gehiago izan da eta ez dago aitzakiarik», onartu zuen Arbizukoak.

 

Irribarriak Zaratamoko derbia eragotzi nahi du

Bigarren finalerdia gaur arratsaldean jokatuko dute Eibarko Astelena pilotalekuan Iker Irribarriak eta Danel Elezkanok (jaialdia 17.30ean hasiko da eta ETB1ek zuzenean eskainiko du). Iker Irribarriak sekulako erakustaldia eman zuen Jokin Altunaren aurkako final-laurdenean, baina ordutik 16 egun luze igaro dira eta pilotazaleek ikusi nahi dute Donostian erakutsitakoa egun bakarreko aurpegia den –final-zortzirenetan ez zuelako horren ikusgarri jokatu– edo maila berean jarraitzeko gai den Aramako aurrelaria. Aurkaria Altunaren trazakoa izango du berriz ere, jokoa nahasten eta tantoa ahalik eta azkarren amaitzen saiatuko den Danel Elezkano. Zaratamoko aurrelaria ere joko bolada bikainean sartuta dago, Binakako Txapelketa irabaztetik dator, eta ziur Irribarriari gauzak oso zail ipiniko dizkiola. Elezkanok irabaziko balu, sekulakoa litzateke Buruz Buruko bi finalistak herri berekoak eta gainera horren herri txiki batekoak izatea.A.A.