Jon GARMENDIA
Idazlea

Akize

Askotan pasatzen zait buruan zerbaitekin ibiltzea eta harekin lotutako beste zerbaitekin topatzea. Pentsatzen dut zuei ere gertatuko zaizuela. Brahim Kermaouiren «L’enfant égaré» (hautsitako umea) irakurtzen nabilen garaian aurkitu naiz Frantziako telebistako hirugarren katean frankismoan ebatsitako haur baten erreportajearekin. Brahim Marokotik ebatsia izan zen haurra zelarik, eta Frantziako familia batekin hazi, Hauts de Seinen. Aita ustekoak berak 6 urte zituela alde egin zuen etxetik, amak arazo psikologikoak zeuzkan eta haiekin bizi zen osaba alkoholikoa zen. Argindarrik eta urik ez zuen etxean bizi ziren, tratu txarrak jasaten zituen eta 11 urterekin heroina saltzera behartu zuten. Miseriaren erdian hazita ia normaltzat eman daiteke biziraupenaren borrokan kartzelan amaitzea.

Burua altxatu ondoan liburu bat idatzi zuen bere kasua agertuz. Taxi bat gidatuz ateratzen zuen bizimodua eta han saltzen zuen nire eskuetaraino ere heldu den liburua, tristeziaz adina itxaropenez betea. Telebistakoa galdostarren kasua da; Arantza eta Sebastian anai-arrebak 1963an Akizen (Dax) sortutako beren anaia txikiaren xerka dabiltza. Gurasoak frankismotik ihesi heldu ziren Akizera. Hango ospitalean sortu zen Josu apirilaren 21ean; haur osasuntsua iduriz, baina bi egun berantago menigitisak jota hil zela erran zieten. Ez zuten gorpua ikusteko aukerarik izan eta lur-zuloan presaka hobiratu zutela aitortu zieten orduan. Urte bereko martxoan eta apirilean 9 haur hil ziren gisa bertsuan ospitale horretan; beraz, alarmak piztu zirelarik anaia txikia nonbait bizirik aurkitzeko itxaropenari helduta dabiltza Galdos anai-arrebak. Gaiak sortu didan hunkidurak eraman nau egin dezakedan gauza bakarretakora, lerrootara ekartzera eta mezua hedatzen laguntzera. Zorte on.