Andoni ARABAOLAZA
EGITASMOA

«Mendi Festa» ekitaldia Xabier Ormazabal oroitzeko

Ekainaren 1ean izango da Urretxun, eta, bigarren urtez, mendizale zenaren oroimenezko beka aurkeztuko dute. Egunean zehar, boulder proba herrikoia eta hiru ikus-entzunezko izango dira.

Duela pare bat urte, Urretxuko Udalak Xabier Ormazabal zenaren oroitzapena bizirik mantentzeko eta mendian haren ibilbidea eredutzat bultzatzeko beka antolatu zuen lehen aldiz. Bi urte igaro dira, eta udal erakunde hori beste ekitaldi bat aurkezteko pronto dago.

Ekainaren 1ean izango da, eta, antolatzaileek aurreratu diguten bezala, aurtengoa lehen urrats hori indartzera bideratuta dago: «Ez genuen nahi soilik edizio bat egin, eta kito. Beka hori bi urtean behin antolatzeko gogoz gaude, eta bi aste barru bigarrena aurkeztuko dugu. Aurten, gainera, beste eite bat gehitu nahi dugu. Ez dugu soilik beka instituzional oso ofizial bat nahi. Geure helburua, nolabait esateko, mendira hurbildu eta antolatu ditugun ekimenetan parte hartzea da».

Eta horretarako lehen ekitaldiko irabazle Iker Madoz goiz-goizetik Urretxun izango da, besteak beste, izaera herrikoia duen boulderreko proban zein eskainiko duen proiekzioan: «Era horretara ere, hurbilduko direnek Iker ezagutzeko aukera izango dute».

Hain zuzen ere, gazteen artean mendizaletasuna bultzatzen duen beka Madozek irabazi zuen Gasherbrum IV xedearekin (bederatzi aurkeztu ziren). 2.500 euro jaso zituen; %75 espediziora bideratuta eta %25 “Mendi Festa” egitasmoaren barruan jasoko du.

 

Egitarau zabala

Eguraldiak eragozpenik ez badu jartzen, Urretxuko Gernikako Arbola enparantza izango da festa horren egoitza. Euria egingo balu Ederrena pilotalekuan egingo da. Goizean, boulder eskalada herrikoia eta haurrentzako tailerrak prestatuko dituzte.

Arratsaldean, berriz, eskalada desafioa izango da Hego Euskal Herriko hainbat gonbidaturen artean; gainera, belaunaldi ezberdinetakoak. Beteranoen artean, besteak beste, Ion Gurutz Lazkozek eta David Carreterok hartuko dute parte. Gazteen ordezkariak, berriz: Aitziber Urrutia, Haizea Oses... Berez, lehiarik ez dute bultzatuko, ikuskizuna baizik.

Eskalada saio horien ostean, zortzietan, Labeaga aretoan luntxa eskainiko dute. Eta ordu erdi beranduago, bi ikus-entzunezko. Lehenak Josean Mulasen sinadura darama: “Escalando la Vida”. Bigarrena, berriz, aurreratu dugun Madozen lana da: “G4”. Eta azkenik, hirugarrena: Gattiken Komunikazioaren “Marierrauskin”.

Jakina, Xabier Ormazabalen izena daraman bekaren deialdi berria egingo da. Mendizale gazte hau 2004. urtean Cho Oyun zendu zen. Urriaren 13an tontorra egin eta gero zortzimilakotik jaisten ari zela mendiaren magaletan geratu zen betirako. 23 urteko urretxuarraren bigarren zortzimilakoa zen.

Azkenik, gogoratu behar dugu maila handiko eta originaltasunezko proiektuak kontuan hartzen dituen bekaren oinarriak honako web orrian daudela: www.urretxu.eus.