GARA
IRUÑEA

«Nafarroari traizio egitea» aurpegiratu dio UPNri Uxue Barkosek

Navarra Suma koalizioan PP eta Csrekin batu delako, Nafarroari «traizio egin» diola jaurti zion atzo UPNri Geroa Baiko hautagai Uxue Barkosek. Bere hitzetan, «hauteskunde mailako premiak bultzaturik egin dutena oso arriskutsua da».

Iruñean eginiko ekitaldi nagusi honetan, Geroa Bai PSOEri ere zuzendu zitzaion, Gobernura iristeko Vox-en botoak onartuko ote lituzkeen galdezka. Izan ere, iganderako aukeretako bat da Navarra Sumak, Vox-ek eta PSNk 26 aulki batzea.

Horren aurrean, «bazterketarik gabeko»&flexSpace;Nafarroa aldarrikatu zuen Barkosek: «Etorkizuneko Nafarroa eraikitzeko ez da inor soberan, Nafarroaren eta demokraziaren etsaiak salbu».

Lau urte hauetan egindako lanaz harro agertu zen Nafarroako presidentea, datu ugari mahaigaineratuz. «Batzuk apokalipsiarekin tematu arren, errealitatea hor da», adierazi zuen.