A. G.
ACB LIGA

Real Madril eta Obradoiro gainditu beharko ditu GBCk ez jaisteko

BARTZELONA 88

DELTECO GBC 71


Real Madrilen aurka jokatuko du, ACB Ligan irauteko helburuz, Delteco Gipuzkoa Basketek. Jakina zen Palau Blaugranan Bartzelonari irabaztea ia ezinezko izango zutela Sergio Valdeolmillosen gizonek eta hala suertatu zen, nahiz eta donostiarrak bigarren erdian birritan 7 puntura hurbildu.

Aurreneko erdia, ordea, kondena izan zen gipuzkoarrentzat, 42-27. Hirukoz hiruko, Bartzelonak ia ez zion aukerarik laga. Atsedenaldiaren ondotik asko gerturatu ziren donostiarrak, Rebec, Nevels eta Burjanadzeren eskutik, baina Heurtelen puntuek ez zuten sorpresarako zirrikiturik laga.

Donostiarrek Obradoiro izango dute jomugan. Estudiantesen aurka 83-80 galdu ostean, madrildarrak salbu daude jaitsiera arriskutik eta galiziarrek, GBCk baino garaipen bat gehiagorekin, Bartzelonaren aurka jokatuko dute.

Urrezko LEB Liga

Retabet Bilbao Basketek 61-57 galdu zuen atzo Palentzian. Ostiralean 81-87 irabazi ostean, bien arteko kanporaketa bina doa eta asteazkenean Miribillan jokatuko dute kitarakoa. Urko Otegi izan da bilbotarren borreroa.