Haritz LARRAÑAGA
Surf

Tom Carroll apartheidaren kontra: Australiako lehen ministroarekin

Berriki zendutako Australiako lehen ministro ohi Bob Hawke-k Hegoafrikako apartheidaren kontra egin zuen lana ezaguna zen; ez ordea, Jeffreys Bayn lehiatzeari uko egin zioten surflariekin izan zuen harremana. Tom Carroll izan zen «boikotaren bozeramailea».

Robert James Lee Hawke, 1983. urtetik 1991. urtera Australiako lehen ministro izan zena, joan den maiatzaren 16an hil zen, 89 urterekin. Alderdi Laboristako liderrak bizi luzea bezain oparoa izan zuen, eta orain bere heriotzaren albistearekin batera, bere bizitzako zenbait pasarte argitaratu dira. Horien artean, puntako surflariekin izan zuen harremanaren berri eman dute komunikabide australiarrek.

Tom Carroll munduko surf txapeldun ohia, zendu berri den Australiako lehen ministro ohia eta Nelson Mandela lotzen dituen gertakari bat da azken egunotan argitaratu diren artikuluetan kontatzen den istorio interesgarrienetako bat.

Hegoafrikan urte luzez inposatu zuten apartheid sistema desegiten hasi zen 1990ean. 28 urtez preso egon ostean, otsailean Nelson Mandela askatzeak, gainera, prozesua azkartu zuen. Urte horretan bertan Mandelak Australiara bidaiatu zuen eta Bob Hawke lehen ministroari ondorengo hitzak esan zizkion: «Jakin ezazu, Bob, hemen nagoela orain, zuri esker».

Hiru urte beranduago, Tom Carrolli egin zioten omenaldi batean Hawkek hitzaldia egin zuen eta surflari australiarrak apartheidarekiko izan zuen jarrera ausarta txalotu zuen. Horrela mintzatu zen ezkerreko politikaria: «Munduko surf titulua irabazi zuen 1983an, eta urte bat beranduago bigarren titulu mundiala ekarri zuen Australiara. 1985ean, berriz ere munduko txapela irabazteko aukera gehien zituen lehiakideetako bat zen, baina Hegoafrikako txapelketan parte hartzeari uko egin zion, zeren Tom Carrollek justuagoa izateko australiarrek erabiltzen duten kontzeptua mugarik gabe ulertu zuen, eta, horrela, bere printzipio eta ideiak lehenetsi zituen».

Lehen ministro ohiak 1985. urtean Carrollek hartutako erabakia laudatu zuen: «Ez dut oroitzen Australiako kirolaren historian bere karrera pertsonalaren gainetik printzipioak lehenetsi, eta horrela, publikoki agertu dituen beste kirolaririk».

Mandela 1997. urtean itzuli zen Australiara eta hitzaldi bat eman zuen. Hawke eta Carroll han izan ziren eta ekitaldia amaitu ostean, lehen ministro ohiak Mandela Carrolli aurkeztu zion. Jeffreys Bayko munduko surf txapelketan parte ez hartzeko erabakia nola hartu zuen kontatu behar izan zion lider hegoafrikarrari Carrollek, Hawkek horrela eskatuta. «Zinez eskertzen dizut emandako babesa, Robben Islandeko espetxean nengoenean beharrezkoa nuen nazioarteko laguntza», aitortu zion Mandelak surflariari.

Surflariak eta politikariak

1984. urtean Australiako Bondi hondartzan egin zen munduko txapelketa Barton Linch australiarrak irabazi zuen, eta bigarren postua, Tom Carrollentzat izan zen. Sari banaketan parte hartu zuen Bob Wake lehen ministroak Carroll egun horretan ezagutu zuen. Surflari gazteen botoak eskuratzeko asmotan zebilen Wake garai hartan eta horregatik hartu zuen parte lehiaketako sari banaketan.

Egun hartan Tom Carroll eta Bob Wake presidenteak elkar ezagutu zuten. Handik sei hilabetera Tom Carrollek mundu mailako surf zirkuituko txapelketa garrantzitsuenetako batean parte hartzeari uko egin ziola iragarri zuen, eta beraz, hirugarren urtez jarraian munduko titulua irabazteko aukera gutxiago izango zituen.

Bell’s Beach-eko txapelketaren ostean, prentsaurreko bat eman zuen Carrollek Torquay hirian eta bertan Hegoafrikako lehiaketari egin zion boikotaren zergatia azaldu zuen. Eragin handia izan zuen aferak surflari anglosaxoien munduko komunitatean. Jende askok «kirola politizatu» zuela aurpegiratu zion surflari profesionalari.

Hogeita hiru urteko gazteak kritika asko entzun eta egoera deseroso asko jasan behar izan zituen. Ordura arte ondoan izan zituen lehiakide batzuek ere bakarrik utzi zuten azalpenak eskatzen zizkioten komunikabideen aurrean, baina ezusteko aliatu bat gerturatu zitzaion, Australiako lehen ministroa.

Bob Hawkek aspaldi hasi zuen apartheidaren kontrako borroka eta nazioartetik Hegoafrikako erregimenari presioa egiteko ekimen anitzetan parte hartu zuen. Egoera aztertzeko, Canberra hirian bilkura bat egiteko gonbita helarazi zion Carrolli eta honek baiezkoa eman zion. «Tipo serio eta kalkulatzaile bat espero nuen, baina australiar arrunt bat topatu nuen», kontatzen du surflariak.

Surflaria harrituta geratu zen politikariak oso ongi ezagutzen zuelako bere egoera eta asko eskertu zuen lehen ministroak eskaini zion babesa. Sasoi hartan munduko lehiaketen antolakuntza eta kudeaketaz arduratzen zen ASP erakundeak «lehiatzera behartzen baninduen, asistentzia legala eskainiko zidala esan zidan», adierazi zuen lehiakide profesionalak.

Ondorio txarrak eta onak

Inork ez zuen behartu Carroll lehiatzera, ez zuen diziplinazko zigorrik jaso, baina bere babesle nagusia galdu zuen. Insting Clothing markak AEBetan eta Hegoafrikan zituen egoitza nagusiak eta taldean zituzten bi surflari onenen artean hautatu behar izan zuten. Edo apartheidaren aldeko jarrera zuen Shaun Tomson hegoafrikarra, edo kontrako jarrera argia agertu zuen Tom Carroll australiarra. Tomson aukeratu zuten eta erabakiak hautsak harrotu zituen.

Aste gutxiren buruan, Peter Manstead-ek, Tom Carrollen aholkularia zenak, Quicksilver markako arduradunekin bilkura bat egin zuen eta kontratu berri bat sinatu zuten. Denbora gutxian, soldata handiena zuen munduko surflari profesionala bilakatu zen Carroll. Egun oraindik Quicksilverren jarraitzen du.

Honi buruzko guztia: Surf