Andres OSA «SAKONA»
HERRI KIROLAK

Urrezko Aizkora amaitzear dela, ezustekoa egon da

Aitzol Atutxa finaletik at geratu da eta Mikel Larrañaga sailkatu da.

Gasteizen izan zen larunbatean Urrezko Aizkoraren azken ekitaldietako bat eta bertan aizkoran Aitzol Atutxa finaletik at gelditu zen. Ez zen fin aritu, dirudienez, eta 20:50eko denbora behar izan zuen lana amaitzeko. Mikel Larrañagak 16:43 egin zuen eta Ruben Saralegik, 20:06. Hala, Mikel Larrañagak finalerako txartela lortu zuen.

Bestalde, Urrezko Binakako harri-jasotzaileen txandan lan bikaina egin zuten Jokin Eizmendi eta Jon Gisasola Zelai V.ak. 175 kiloko erretangularrarekin hiru minutuan 10 jasoaldi egin zituen Eizmendik; 100 kiloko kubikoari Zelai V.ak denbora berean 22 jasoaldi eta, azkenik, 100 kiloko bolari txanda librean 46 leporatze. Guztira, 78 jasoaldi. Finalerako txartela jaso zuten. Aimar Galarraga eta Iza bi jasoaldi gutxiagorekin gelditu ziren.

Atzo eguerdian Navaridasen, aizkoran, Iker Vicente aritu zen zorrotzen; bere lana 16:18ko denboran burutu zuen. Finalean izango da. Julen Alberdi Txikiak 17:31 behar izan zuen eta Jon Rekondok, 19:45. Gazte mailan, Joxean Etxeberriak 14:04an egin zuen eta Ioritz Gisasola Zelai IV.ak, 15:38an. Etxeberriak, Larrea III.ak eta Kañamares IV.ak jokatuko dute finala.

Urrezko Binakako Harri-jasotze Txapelketan Xabier Peña eta Izeta III.a aritu ziren. Guztira 76 jasoaldi emanez bukatu zuten. Emakumeek trontza txapelketako ekitaldia izan zuten. Ruth Linaza-Garbiñe Lopez de Uralde bikoteak finalerako txartela lortu zuen (13:19); Marta Varela-Susana Santxesek 15:47 egin zuten. Finalerako txartela eskuan zuen Zelai-Gezuraga bikoteak. Hirugarren bikotea jakitea falta da.

680 kiloko lur gaineko sokatira txapelketako finala jokatu zen Deban larunbatean eta txapelduna Laukizko Gaztedi taldea izan da. Bigarren Mutriku, hirugarren Akelarre eta laugarren Getxo.

Sollubeko ekitaldia, bertan behera

Bizkaiko txinga eroateko txapelketa larunbatean jokatzekoa zen baina, eguraldi txarra batetik eta Oskar Perezen aitaren heriotza bestetik, bertan behera gelditu zen. Oskarri eta familia osoari gure doluminik sentikorrena.