Ane URKIRI ANSOLA
GIPUZKOAKO

ERTZAINTZAK ESKU HARTU ZUEN AMAIGABEA DIRUDIEN GATAZKAN

ESKUORRIAK, PANKARTAK, MEGAFONOAK, BANDEROLAK, KANPIN DENDAK, PIXOIHAL ZIKINAK... MODU HORRETAN IRUDIKATU ZUTEN PROTESTA GIPUZKOAKO ZAHAR-EGOITZETAKO LANGILEEK. FORU ALDUNDIA HARTU ZUTEN, ENTZUNAK IZATEKO, IKUSIAK IZATEKO. BALDINTZA DUINAK BERMATZEA ADMINISTRAZIOAREN ARDURA DELA OHARTARAZTEKO.

«Emakume langileak borrokan», oihukatzen zuten Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileek. LABen deialdiz –Bilbon ere mobilizazioa deitu zuen mendekotasuna duten pertsonekin lan egiten duten langileen aldarrikapenak jasoz–, Gipuzkoa Plazan elkartu ziren. Batzuk Aldundiaren egoitza barrura sartzen ziren bitartean, beste batzuek kanpoan kanpin dendak jarri, eta pixoihal zikinak eta gas morea bota zituzten. Protesta indartsua izan zen eta horren erakusle, Aldundi barruan, harreran, eseri ziren beharginen aurrean segurtasun langileek izan zuten erreakzioa. Urduritasuna zen nagusi. Hedabideen lana oztopatzen ere saiatu ziren.

Grebalariek beraienari eutsi, «pikete feminista» petoak soinean zituztela pankarta atera, megafonoa piztu eta eskuorriak jaurti zituzten, arrazoiak lau haizeetara zabalduz: «Hitzarmena orain».

Ertzaintzari deitzea etorri zen hurrena. Binaka hasi ziren bertaratzen poliziak eta, momentu batez sarrera blokeatu zuten; zaharren egoitzetako negoziazioa ere halaxe dago, blokeatua. Hasiera batean, LAB sindikatuko arduradunei ere kanpoan itxaroteko agindua eman zieten; ondoren, hausnartu eta pasatzen uzteko. Egoerak gainditu egin zituen administrazioko arduradunak. Ertzainei deitu bai, baina ez zekiten nola jokatu. Hauteskundeen eragina ote?

Indarra jokoan sartu ezean, protesta luzerako izango zela argi zegoen. «Bota arte hemen jarraituko dugu», zioten langileek. Ertzainek ere abisatu zuten ez zirela mugituko langileak joan arte. Gatazka amaigabea.

«Joko zikina»

Aldiz, protestaren amaiera sumatzen hasi zen 15.30 aldera. Foru Aldundiko ateak ohi baino lehenago itxi eta Ertzaintzak banan-banan kanporatu zituen grebalariak. Horrekin erakutsi zuten benetan amaigabea dirudien borroka dela Gipuzkoako zahar-egoitzetako langileena.

Leire Ormazabal LABeko kideak adierazi legez, bi urte daramatzate hitzarmena negoziatzen, baina urte hauetan ez da aurrera egin. Akaso, atzerapausoez ere mintza gaitezke. Izan ere, gaur-gaurkoz, negoziazio-mahaia blokeatuta dago sektorean gehiengoa duena, ELA, ez delako agertzen. Zerbitzu sozialen esparruko sektorea izaki, «zerbitzu publikoa izan behar duela defendatuko dugu, enpresa pribatuen interesen araberako erabakiak har ez daitezen».

«Joko zikina» erabiltzen ari direla ere nabarmendu zuen Ormazabalek, mahaitik kanpo ELA, Aldundia eta bi patronalak (Adegi eta Matia) hitz egiten ari baitira. Horregatik erabaki zuten egoeraren erantzuletzat jotzen duten Aldundira bertaratu eta ez ikusiak izatetik ikusiak eta entzunak izatera pasatzea: «Lan baldintza duinak aldarrikatzeaz gain, egoiliarren bizi-kalitate hobea bermatzeko ari gara borrokan».

Lurrera jaurti zituzten eskuorriek, behintzat, bete zuten beren funtzioa. Guztiok zain geundela, pare bat ertzainek lurrera so egin, orria zuzen ipini eta “zaintzen” ari ziren behargin horiek maiatzaren 21, 22, 23, 24 eta 25ean greba zutela irakurri baitzuten.

Une batez “zaintzen” zeuden eta hortik hiru ordura kanporatzen hasi ziren. Bitartean, patruilaka, bikoteka, txandak egin zituzten, baina bazkalostean beste urrats bat egitea erabaki zuten. Administrazioak bi urte hauetan hitzarmena negoziatzeko orduan egin ez duen urratsa. Aldundiko ateak itxi eta kanpoan jarraitu zuen protestak. Hitzarmena lortu arte temati jarraituko dutela ziurtatuz.