Asier AIESTARAN
PILOTA

Elordik beste urrats bat egin dezake larunbatean

Promozioko Binakakoa irabazi ostean, bigarren txapela irabaz dezake bi hilabete baino gutxiagoan.

Larunbat arratsaldean jokatuko dute Labriten Elordik eta Dariok Promozio mailako Buruz Buruko Txapelketaren finala. Hitzordu benetan garrantzitsua da pausoak ematen jarraitu nahi duten bi aurrelari gazteentzat, eta bereziki saritu dezake Aitor Elordiren udaberri aparta: larunbatean garaipena lortuz gero, bigarren txapela luke bi hilabete baino gutxiagoan.

Izan ere, eta denbora asko pasa dela dirudien arren, martxoaren 31n irabazi zuten Elordik eta Oier Etxebarriak Promozio mailako Binakako Txapelketa: 20-22 Agirre eta Salaverriren aurka. Profesional mailan jokatzen zuen lehen finala zen hura mallabitarrarentzat eta, beraz, bururatu zuen lehen txapela ere bai. Bada, bi hilabete igaro baino lehen beste final batean sartu da eta bigarren txapela janzteko aukera ederra du.

«Mundu guztia Lehen Mailako txapelketari begira dago, baina horra iristeko behetik hasi behar da. Oso pozik nabil maila honetan, kantxan asko gozatzen, eta hori nabaritu egiten da emaitzetan ere», adierazi zuen Elordik atzo Labriten egindako material aukeraketan, ideiak oso argi dituela erakutsiz.

Dariorentzat lehen finala

Bizkaitarrak Urretabizkaia II.a (22-11 Urduñan) eta Zabala (22-14 Logroñon) menderatu ditu finalean sartu ahal izateko, eta larunbatean beste errioxar bat izango du aurkari: Dario. Ezkaraiko aurrelaria ere sasoi betean iritsiko da finalera. Aurreko kanporaketetan itxura bikaina emanda irabazi du Erasun (22-5, Tolosa) eta Arangurenen (22-11, Labrit) aurka.

Bi pilotarien artean badaude zenbait antzekotasun. Biek 23 urte bete berriak dituzte, hiruzpalau daramatzate profesional mailan, eta dohain apartak izan arren, apur bat kosta zaie lehiaketa ofizialetan distira egitea. Errioxarraren kasuan, esaterako, eta gazte-gaztetatik bi beso indartsu zituela erakutsi arren, larunbatekoa bere ibilbideko lehen finala izango du.

«Nire lehen finala da, ilusio eta gogo handiz heltzen diot. Poz bat eman nahi diet animatzen nauten guztiei, haiekin gozatu. Niretzat hemen egotea sari bat da eta harro egoteko arrazoi bat», izan ziren Darioren hitzak.

Jokoari dagokionez, ordea, badirudi taktika desberdinak erabiliko dituztela bi pilotariek, edo hala espero dute behintzat bi protagonistek. «Elordik partida aurrean erabaki nahiko du, jokoa ahalik eta gehien nahastu. Airez oso ongi moldatzen da, gainera. Frontisetik ahalik eta urrunen eduki beharko, tantoa azkar ez bukatzeko», aurreikusi zuen Dariok.

«Berak nik baino kolpe handiagoa du, piloteoan berak aginduko du», izan zen Elordiren iritzia. Eta, noski, aukeratutako pilotak ere horren arabera ulertu behar dira. «Denak antzekoak dira, ez dago gehiegizkorik, baina Dariok bote gehixeago zutenak aukeratu ditu».

Ezkurdiak ez du Tolosan jokatuko

Joseba Ezkurdiak eskuak minduta amaitu zuen Mikel Urrutikoetxearen aurkako finalerdia, eta Aspek atzo jakinarazi zuenez ez du igandean Tolosan hirugarren posturako lehia jokatuko Danel Elezkanoren aurka. Ondorioz, Elezkanorentzat da hirugarren postua ofizialki. Postu horrek badu bere garrantzia, izan ere, Urrutikoetxeak berak ere ezker eskua minberatuta amaitu zuen Ezkurdiaren aurkako finalerdia eta, azken orduotan zenbait komunikabidek argitaratu dutenez, finala atzeratzeko aukera egon liteke. Baiko enpresak ez du ezer esan, eta pilotariak berak eginiko adierazpenetan ez dio aparteko garrantzirik eman, baina iturri horiek diotenez Zaratamokoak gaur Bilbon egingo duen entrenamenduaren arabera erabakiko du atzerapena eskatu edo ekainaren 2an jokatzera irten. Atzerapena eskatuz gero, araudiak astebeteko epea ematen die finalistei jokatzeko, bestela bere lekua Elezkanok hartuko luke.A.A.