Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Winklerrek eta Peñak jaso dituzte Zilarrezko Euskadi sariak

Gipuzkoako liburu-saltzaileek Yoseba Peñaren «Hariak» eta Katharina Winkler-en «Cárdeno adorno» hautatu dituzte urteko liburu gisa. Lehenak belaunaldien arteko lotuneak eta memoria historikoaren ezinbestekotasuna lantzen ditu; biolentzia matxista da bigarrenaren muina.

Gipuzkoako liburu-saltzaileen gremioak Yoseba Peñaren “Hariak” (Susa) eta Katharina Winkler idazle austriarraren “Cárdeno adorno” (Periférica) saritu ditu. Lehenak hiru emakumeren bizipenak ditu oinarri. Familia bereko hiru kide dira eta, horien egunerokotasunean sartuta, Peñak 36ko gerratik gaur egunerako ibilbidea egiten du, bidean historiako pasarteetan emakumeek izan duten paper aktiboa errepasatu eta memoria historikoaren beharra nabarmenduz.

Hitza hartuta, egileak euskal literaturari eskaini zizkion lehen hitzak. «Euskal literaturan kalitaterik ez da falta, baina ikusgarritasun arazo bat du, eta halako sariei esker ateratzen da kalera», esan eta eskerrak eman zizkien liburu-saltzaileei.

“Hariak” sarituko zutela jakinarazteko deia «harriduraz» jaso zuela esan zuen, «iruditzen zitzaidalako istorio gogorra zela eta kontatzen ez diren gauza asko ari nintzela kontatzen, ez zela politikoki zuzena. Egun, asko hitz egiten da errelatoaz, eta uste dut euskaldunek gure errelato anitzak kontatu behar ditugula. Ez ziren bi bando egon, ez zen dena zuri edo beltz, gris paleta oso zabala izan da eta saiatu naiz hori erakusten».

Ia 50 urteko historia biltzen duen liburua izanik, idazkera garbia erabiltzen eta «literatura irakurgarri eta erakargarria» eratzen ahalegindu dela ere esan zuen, eta “Hariak” memoria liburua ere badela nabarmendu zuen: «Hau bada memoria liburu bat ere; memoria galtzen duen herria historiatik ateratzen da», hausnartu zuen.

Biolentzia matxista

Katharina Winkler ere izan zen Donostiako sariketan. Idazle austriarrak Turkiako biolentzia matxista kasu bat hartu du ardatz “Cárdeno adorno” idazteko, eta liburu-saltzaileen gremioak kontakizunaren «poetikotasuna» azpimarratu zuen: «Protagonistaren infernuetarainoko jaitsiera prosa eraginkorra erabiliz kontatua dago, lirikotasun delikatu perfektuaren bidez».

Winkler liburuak izan duen «harrera beroaz» mintzatu zen. «Idazleok idaztera esertzen garen unean adorez jokatu behar dugu, baina irakurleek ere gauza bera egiten dute liburua irakurtzean», ebatzi zuen, eta “Cárdeno adorno”-ra eraman duen istorioaz jardun zen: «Turkian gertatzen bada ere, testuinguru soziokulturala gainditu egiten du gertaerak: giza psikearen sakonean dagoenaz jardun naiz; gertaerok pertsona baten independentziaren gaineko eskubidea duela pentsatzen duen pertsona bat dagoen edozein lekutan gerta daitezke».

Eleberriak amaiera «positiboa» duela ere esan zuen, eta hori ezinbestekoa egin zaiola istorio hau idatzi ahal izateko. «Istorio honek ez balu amaiera positiboa izango, ezin izango nukeen idatzi, gainditu egingo ninduen eta ezingo nuen munduarekin konpartitu», ziurtatu zuen. «Istorio honek erakusten digu askatzea posible dela, baita irteerarik ez dagoela dirudien egoeretatik ere», amaitu zuen.