GARA
BILBO

Zeramika hibridoaren bidez etorkizunaz hausnartzera garamatza Raquel Asensik

Iaz egoiliar izandako Raquel Asensi artistaren “Objektu Geldi[ezin]” erakusketa izango du ikusgai BilbaoArteko Urazurrutia aretoak maiatzaren 31ra arte. Azken urtean zentroaren lantegietan eta bere estudioan metala, plastikoa edota beira elementu naturalekin (lore lehorrak edota lastoa) nahastuta ekoitzi dituen lanak erakutsiko ditu Asensik, eta argazkiak, eskultura, serigrafiak eta bideoak ere jarri ditu ikusgai.

Erakusketaren izenburua, “Objektu Geldi[ezin]”, «mugitzen den mundu batean bizi gara, esateko zerbait duena» premisatik abiatzen da, Asensiren esanetan. Ideia hori buruan, Bilboko paisaia post-industrialaren efektupean, estruktura modular desmuntagarriez, gorputzera atxikitzen diren pieza eramangarriez edo funtzionatzeko aktibazioa eskatzen duten objektuez hausnartu du.

Zeramikaren tradizioa

Erakusketaren funtsezko materiala zeramika da, XX. mendean medio artistikoan berragertzen den tradizio eta artisautzari lotutako arte bat. Asensik harago darama zeramika eta hainbat materialekin nahasten du, pieza hibridoak sortuz. BilbaoArteko arduradunek zehaztu dutenez, Donna Haraway biologo eta filosofoaren “El Manifiesto Cyborg” liburuko makina eta organismoaren arteko hibridoetan iradokitzen diren ideiekin dago lotuta artista bilbotarraren lana.

Urdin kobaltoa, beste belaunaldi baten luxuzko baxeran eta zeramika industrialean tradizionalki erabilitako kolorea, aretoaren kolore nagusia bihurtzen da metaletan, zeramika-piezetan eta landare lehorretan presente egonik. «Hala ere, kolore honek iradokitzen duen erosotasunaren aurrean, tratamendu eta kolore gabeko lanak aurkitzen ditugu, nahita biluzik, zurezko ‘Animal machihembrado’ lan fraktalean, esaterako. Dekoratiboaren lengoaiak estetika oldarkor batekin kontrajartzen ditu artistak horrela», zehaztu dute BilbaoArtekoek.

Maiatzaren 31n, erakusketaren azken egunean, aretoan bertan performance bat egingo da. Iragarri dutenez, ekintza honek olerkia eta mugimendua nahastuko ditu eta 19.30ean hasiko da, doako sarrerarekin aretoa bete arte.