2019/05/24

Badatoz UEUren ikastaroak, inoiz baino toki eta elkarlan gehiagotara irekiz

30 ikastaro eta 6 jardunaldi antolatu ditu UEUk, «azken urteetako arrakasta» errepikatzeko asmoz. «Elkar ekin» leloarekin, elkarlanean jardunez jakintza berriak sortzen direla azpimarratu nahi dute.

GARA|IRUÑEA
0524_eh_ueu

Bilbon eginen den humanitate digitalei buruzko jardunaldiak emanen die hasiera UEUren ikastaroei, ekainaren 20an. Digitalizazioak eta Big Datak paradigma aldaketa ekarri dute humanitateen arlora. Euskarazko dokumentuen digitalizazio masiboa, sare sozialen eztanda eta hizkuntza teknologiaren arrakasta dira erronka honen hiru katalizadoreak. Nola eragiten du digitalizazioak humanitateen ikerketan? Zer aukera berri zabaltzen dizkigu? Horretaz eztabaidatuko dute.

Aurkezpenean, Kepa Sarasola UEUko zuzendariak, Irati Iciar udako ikastaroetako arduradunak eta Edurne Koch UEUren Nafarroako arduradunak hartu zuten parte.

Sarasola mintzatu zen lehenbizi. «UEU erakunde bizia da. Datorren astelehenean Ikergazte kongresua hasiko da eta bertan Euskal Herri osoko 150 aditu bilduko dira, beraien ezagutza partekatu eta euskarazko ikerketa lehen lerroan jartzeko asmoz», adierazi zuen. Kongresu horren atarian eman zuten, hain zuzen, ikastaroen berri.

Sei formatutan

Ondotik, Iciarrek xehetasunak azaldu zituen: «36 jarduera antolatu ditugu. Azken urteetan gertatzen ari den bezala, aurten ere 100dik gora ikastaro proposamen jaso ditugu eta zaila izan da aukeratzea, jasotako ideiak oso onak izan direlako».

Arduradunak agertu zuenez, sei formatu desberdinetako ikastaroak prestatu dituzte: espezializatuak (ikastaro hauek egiteko aurretik jakintza maila bat beharrezkoa da), dibulgaziokoak (interes orokorrekoak dira eta ez da jakintza maila zehatzik behar), garapen pertsonalekoak (pertsona moduan garatzeko balio dute ikastaro hauek; galerak modu baikorrean bizitzen ikasteko, adibidez), jardunaldiak hitzaldiak eta tailerrak.

Zazpi tokitan

Iciarrek azpimarratu zuenez, lankidetzari zukua atera nahian, inoiz baino toki eta elkarlan aukera gehiago bultzatu dituzte antolaketa prozesuan; horren ondorioz, zazpi tokitan emanen dituzte ikastaroak, askotariko formatu, prezio eta aukerak eskainiz.

Nafarroako hiriburuan, lau ikastaro eta jardunaldi bat antolatu dituzte (gehi udan emanen diren Hezkuntza Saileko hiru); Baionan, zazpi; Eibarren, 16 ikastaro eta bi jardunaldi; Bilbon, bi jardunaldi; Tolosan, ikastaro bat; Donostian, bi; eta Usurbilen jardunaldi bat.

Iaz irekitako bideari jarraituz, Iruñean, Ezpeleta jauregian eskainiko dituzte udako ikastaroak eta Baionan, Bernat Etxepare lizeoan, barnetegi moduan.

Kochek zehaztasun gehiago eman zituen ekainaren azken astean izanen diren Iruñeko ikastaroei buruz. «Gaien aldetik, beti bezala, aniztasuna da nagusi. Azpiegitura, antolaketa eta giroa aprobetxatuz, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailarekin 2019rako adostutako ikastaroetako hiru ere eskainiko ditugu, doan. Hezkuntza graduko ikasle nafarrek izango dute lehentasuna», jakinarazi zuen.

“Harremanak 3.0: gazteen sexualitatearen esku-hartzea espazio digitalean”, “Gaitasunean oinarritutako unitate didaktikoak” eta “Euskararen erabileraren lanketa ikasgeletan HH-LH” izanen dira debalde emanen dituzten hiru ikastaro horiek.

Nafarroako arduradunak gaineratu zuen pozarren daudela UEU azken urteotan herrialdean egiten ari den lanarekin, eta batez ere Udalarekin eta Hezkuntza Sailarekin garatzen ari den «elkarlan emankorrarekin».

Klima aldaketa, ikastolak eta kooperatibismoa eta maitasuna jorratuko dituzte jardunaldietan; ekonomia zirkularra, kultur kudeaketa eta feminismoa, eta prekaritateak gazteengan duen eragina, aldiz, ikastaroetan. 

Laguntza interesgarriak

Udako ikastaroen plaza ikasi, eztabaidatu, lan egin eta ideiak trukatzeko foro ezin hobea dela erran, eta bertan parte hartzera gonbidatu zituen guztiak Kepa Sarasolak.

Gainera, laguntza garrantzitsuak daude parte-hartzea errazteko. Alde batetik, ikasle, langabe eta jubilatuen matrikuletan beherapenak eskaintzen ditu UEUk. Bestetik, unibertsitateko ikasle eta ikasle ohi langabe bizkaitarrek matrikula, egoitza eta joan-etorria dohainik izanen dituzte.

Euskal Herriko hainbat udalek dirulaguntzak emanen dituzte beren herritarrentzat (zerrenda UEUren webgunean dago ikusgai), eta “Berrialagunei” UEUko bazkideen deskontu bera eginen diete.

Izena emateko epea zabalik dago dagoeneko eta aukeratutako ikastaroa hasi baino astebete lehenago egin ahal izanen da haren matrikula. Informazio guztia eta matrikula egiteko aukera, www.ueu.eus-en.

IKERGAZTE


Datorren astelehenean Ikergazte kongresua hasiko da eta bertan Euskal Herri osoko 150 aditu bilduko dira, beren ezagutza partekatu eta euskarazko ikerketa lehen lerroan jartzeko asmoz.

NAFARROAN


Pozarren daude UEU azken urteotan herrialdean egiten ari den lanarekin eta batez ere Udalarekin eta Hezkuntza Departamentuarekin garatzen ari den «elkarlan emankorrarekin».