GARA
BILBO

EAE mailako hitzarmen kolektiboa sinatu dute anbulantzietan

Anbulantzietako hitzarmen autonomikoa sinatu zuten atzo USO, LAB eta CCOO sindikatuek. ELAk bere desadostasunak jakinarazi eta ez zuen sinatu.

Akordioa sinatu dutenen esanetan, hitzarmen honek «sektoreko lan baldintzak hobetuko ditu eta EAEn langileen arteko marko komun bat sortuz, bateratu egingo gaitu».

Duela hiru urte hasi zituzten negoziazioak eta azkenean «hiru herrialdeen arteko parekatzea lortu dugu». Sinadura hau «estatalizazioa gelditzeko tresna» izango dela uste dute eta honekin, guztientzat gutxieneko baldintza batzuk bermatuko direla ziurtatu dute.

2020an jarriko da indarrean hitzarmena eta honen sinadura duela bost urte Arabako langileek hasitako grebaren emaitza dela gogoratu nahi izan zuen LABek. Bizkaiko azken akordioa lortzeko eginiko 40 greba jardunaldi ere gogora ekarri nahi izan zituen, horren eraginez eratu baitzen EAE mailako itunaren mahai negoziatzailea.

ELAren ezezkoa

ELA, ordea, ez da ados agertu negoziazioak hartu zuen bidearekin eta ez sinatzea erabaki du. Nabarmendu zuen, besteak beste, azken hiru urtean 65 bilera izan arren, ez dela eman «benetako negoziaziorik».

EAEko akordio komun honek estatalizazioari aurpegiratzen dioten jarrera berdina duela kexatu zen ELA, «negoziazio probintziala ukatuz».

Edukien inguruan hainbat kexa zehazten ditu sindikatuak eta batez ere azpimarratzen du hitzarmen honen oinarria 2008-2012ko Bizkaiko itunean dagoela, eta hau gutxiengoa zuen sindikatu bakar batek sinatu zuela: «Gehiengo sindikalak txartzat jo zituen edukiak orain EAEko langile guztientzat onak omen dira».