2019/05/24

Erizaintza bultzatzeko Nursing Now kanpainara batu da Lakua
GARA|GASTEIZ

Nursing Now nazioarteko kanpainarekin bat egin du Lakuak. Biztanleen osasuna hobetzea eta, horretarako, erizaintza sustatzea ditu helburu kanpainak, Osasun Sailak jakinarazi zuenez.

Nekane Murga Osasun sailburuak esan zuen talde hori «gero eta erantzukizun eta protagonismo gehiago» hartzen ari dela osasun sistema osoak dituen erronkei erantzuteko; zahartzea, kronikotasuna eta mendekotasuna, besteak beste.

Lehen mailako arretan edo medikuntza edo kirurgia prozesuen ondorioz ospitaleratutako pazienteek behar dituzten zaintza konplexuetarako funtsezkoa da erizainen lana, «humanizazioa, segurtasuna eta osasun sistemaren jasangarritasuna» oinarri hartuta.

16 herrialde elkarlanean

Nursing Now kanpaina Osasunaren Mundu Erakundearen eta Erizaintzako Nazioarteko Kontseiluaren ekimena da, eta 16 herrialde baino gehiagotako profesionalek dihardute bertan elkarlanean. Lakuak bat egitea erabaki du, eta horretarako lantaldea eratu du. Aurten eta datorren urtean jarduketa ildoak antolatuko ditu, bi helburu nagusi betetzeko: erizaintza gizarte mailan gehiago ikusaraztea eta pazienteen eta, oro har, herritarren aurrean duen rola sendotzea, eta erizaintzaren lidergoa sustatzea, baita erabakiak hartzean gehiago parte hartzea ere.

Gaur egun, Osakidetzako osasun profesionalen %40 erizainak dira, eta funtsezko eginkizuna dute osasunaren sustapenean, gaixotasunen prebentzioan, jarraipenean eta zaintzan. Osasun sailburuaren iritziz, osasun sistemaren oinarrietako bat da erizaintza, eta lanbide hori sustatzeak herritarren osasuna hobetzen lagunduko du.