Andres OSA «SAKONA»
HERRI KIROLAK

Urrezko Txapelketen finalak bihar erabakiko dira Bilboko Zorrotza auzoan

Egur Sporten Urrezko hiru txapelketa jokatuko dira bihar, Bilboko Zorrotza auzoan, 12.30ean hasita. Banakako aizkolariak, harri-jasotzaileak eta emakumeak trontzan neurtuko dira. Lehia erabakigarriak izango dira ekainaren 7an, 22.00etan, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko diren finaletara begira.

Urrezko Aizkoran Mikel Larrañaga eta Iker Bizente finalerako sailkatuta daude. Hirugarrena nor izango den bihar jakingo da: Julen Alberdi Txikia IV.a edo Ruben Saralegi.

Binakako Harri-jasotzen ere bi bikote sailkatu dira: Eizmendi-Zelai V.a eta Galarraga-Eiza. Hirugarrena falta da. Xabier Aranburu Guzta eta Imanol Albizu Goikoetxe dira ongien kokatuak, baina Jon Unanue Goenatxo III.ak eta Inhar Urruzunok egindako 8.250 kiloko marka gainditu beharko dute.

Emakumeen Trontza Txapelketan Karmele Gisasola-Uxue Ansorregi eta Ruth Linaza-Garbiñe Lopez de Uralde sailkatuta daude. Hirugarren txartelaren bila Itsaso Onsalo-Leire Astiazaran eta Iraide Gezuraga-Ainitze Perez neurtuko dira.

Lur gaineko sokatiran, azkenik, 17.00etan leku berean, 640 kiloko lehiari emango zaio hasiera. Parte hartuko duten taldeak Goiherri, Akelarre, Mutriku, Getxo, Gaztedi A eta B dira.