GARA
LONDRES

«Azken belaunaldiak» klima aldaketari aurre egiteko exijitu die egungo agintariei

Mundu osoko 1.500 hiritan klima aldaketari aurre egiteko exijitu diete agintariei manifestariek. Zeelanda Berrian eta Australian aurrena eta handik ordu batzuetara Europako makina bat lekutan, klima larrialdia deklaratzeko eskatu zuten kalean gazteek, kasu batzuetan espezie askoren egoera larria nabarmenduta, eta gehienetan, «etorkizunaren aldeko ostiralak» izeneko ekimena inspiratu zuen Greta Thunberg suediar nerabea gogora ekarrita.

Europan egindako manifestazioei dagokienez, esku-hartzaileek herrialde askotan egingo diren hauteskundeetara aurkeztu diren hautagaiak estutu nahi zituzten. Izan ere, inkestek garbi utzi dute kontinenteko biztanleok gero eta garrantzi gehiago ematen diogula gaiari eta, aldi berean, politikariek kalean antzeman duten presioak eragin duela aurtengo Europako Parlamenturako kanpainan klima aldaketa aurrekoetan baino askoz ere gehiago aipatzea.

Varsovia Poloniako hiriburuko manifestariek pankarta esanguratsu bat erakutsi zuten. Bi hitz besterik ez zituzten behar izan mezu ezin dramatikoagoa plazaratzeko: «Azken belaunaldia». Nabarmentzekoa da Suediako hiriburuan egindako protestaldia, Poliziaren arabera 8.000 lagun inguru elkartu baitziren. «Krisi existentzial baten erdian gaude eta bertatik irteteko garaia da», esan zuen Greta Thunberg ekintzaileak.

Klima aldaketaren aipamenik entzun ere egin nahi ez duen Trump presidenteak oso gertu izan zituen manifestariak, Etxe Zuriaren atarian.