GARA
IRUÑEA

«Eraldaketa sozial sakona» lortzeko urrats bat gehiago egiteko prest dago LAB

LABek nagusitasunez irabazi zituen Nafarroako Administrazio publikoan egin ziren hauteskunde sindikalak. Bigarrenak baino 32 ordezkari gehiago erdietsi zituen. «Pozik eta ilusioz» egin zuten balorazioa.

Asteazkenean egin ziren hauteskunde sindikalak Nafarroako Administrazio publikoan eta LABek bere nagusitasuna berretsi zuen. 69 ordezkari lortu ditu eta bigarren indarrari ere alde nabarmena atera dio, Afapnak 37 ordezkari lortu baititu. Hain zuzen ere, zentral honi buruz jarrera kritikoa agertu du LABek, «sindikalismoaren aurkako balioak» edukitzeagatik eta euskarari erabateko aurkakotasuna adierazten diolako.

Garaipen honen balorazioa egin zuten atzo Iruñeko egoitzan eta azpimarratu zuten «beste urrats bat» egin beharra dagoela «sakoneko eraldaketa soziala» lortzeko. Imanol Karrera Nafarroako LABeko bozeramaileak esan zituen hitzok, eta adierazi zuen Nafarroako lan harremanetan ez dela gertatu langileek «behar duten aldaketa»; horregatik, «patronalaren zein UGT eta CCOO sindikatuen pribilegioak ezabatzeko» pausoak ematearen alde agertu zen; baita euskararen erabileraren defentsa sendotzeko ere.

«Ez da posible lan osasuneko dirua UGT eta CCOOren artean banatzea», salatu zuen, eta hori aldatzeko, Administrazioan aurreneko indarra izatea funtsezkoa zela ohartarazi zuen: «Oso pozik eta ilusioz gainezka gaude, Nafarroako sektore publikoan aldaketaren alde apustu egiten jarraitzeko erabateko garrantzia du honek».

LABen Administrazio publikoaren alorreko arduradun Isabel Artieda ere pozik agertu zen lortutako emaitzekin. Esker oneko hitzak eskaini zizkien sektore publikoan diharduten langileei, alor guztietan izan baitute hazkundea, eta batez ere eremu handienetan: Osasunbidean (13), Administrazio erroan (12) eta Irakaskuntzan (12).

«Galdutako eskubideak berreskuratzeko, eta hobetu eta areagotzeko» lan arloan kalitatezko politikak bultzatu beharraz ohartarazi zuen Karrerak, fiskalitate justuaren aldeko defentsa eginaz. Era berean, politika sozialetan gehiago inbertitzea eta etxebizitza «benetako eskubide» izatea ezinbestekoak direla gaineratu zuen.

Biharko hauteskundeei so

Nafarroako delegazioaren ustetan, «UPN eta ‘trifachitoko’ bere kideak LAB menderatzeko» lanetan tematu dira hauteskunde sindikal hauetan, «baina ez dute lortu».

Aldaketaren aldeko jarrera azaldu arren, bozeramaileak tinko adierazi zuen Nafarroako Gobernuarekin kritikoak izan direla, eta beraz, LAB «klase eta kontraboterearen sindikatua» dela ziurtatu zuen. Bere esanetan, «aldaketa politikoak ez du ekarri langile klaseak behar duen aldaketa soziala».

Horren harira, igandeko hauteskunde foralei begira ere jarri zen Karrera, eta ohartarazi zuen «desmobilizazioak» patronal zein UGT, CCOO eta Afapna sindikatuei egingo diela mesede; PSNrekin aldaketa ezinezkoa dela era nabarmendu zuen.