GARA
DONOSTIA

«Harresiak erortzen ari direla» esan du Otegik, batez ere hiriburuetan

EH Bilduren kanpaina itxierako ekitaldi nagusia Donostiako Bulebarrean izan zen, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia bertan zela, Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako ahaldungai nagusiarekin eta Reyes Carrere Donostiako alkategaiarekin batera.

Bost egun lehenago ondo-ondoan, Parte Zaharreko Trinitate Plazan, zabaldutako zenbait hausnarketatan sakondu zuen Otegik. «Harresiak erortzen ari direla eta gero eta jende gehiagok EH Bildu etorkizunerako aukera gisa hartzen duela» ikusten du. Batez ere hiriburuetan, erantsi zuen, EH Bilduk lehenik Donostia gobernatu zuelako, orain Iruñea gobernatzen ari delako eta bihartik aurrera Gasteizko alkatetza eskura dezakeelako.

Bere balioak jende gehienarenak direlako gertatzen ari dela ondorioztatu zuen Otegik. Baina kezkaz ikusten du EAJk gidatutako kontraerasoa. Eta kanpainan zehar behin eta berriz luzatu dion galdera, «erantzunik izan ez zuena», helarazi zion atzokoan ere alderdi jeltzaleari: «Aldundietara eta alkatetzetara iristeko ‘trifatxitoaren’ bozak onartuko ote ditu? Guk ez», nabarmendu zuen Arnaldo Otegik, bildutakoen txalo artean.

Erronka batzuk bota zituen EH Bilduko koordinatzaile nagusiak: Euskal Herrian 300.000 boz baino gehiago biltzea, Nafarroan Aldaketa berriro garaile ateratzea, Gipuzkoa mailan irabaztea eta Gasteizen lehen indarra izatea. Europarrak ez zituen bazterrean utzi; Pernando Barrena Bruselan egongo dela eta Orain Errepublikak zerrendak milioi bat bozetik gora jasoko duela uste du Arnaldo Otegik.

Eliteentzako Donostia

Izagirreri dagokionez, Gipuzkoan EH Bildu berriz ere lehen indarra izatea «ezinbestekotzat» jo zuen, «pertsonengan pentsatuz gobernatzen dugun eta gobernatuko dugun pertsonak garelako gu. Eta horretarako, ezinbestez gipuzkoar guztiok bozkatzera joan behar dugu. Are gehiago diot, Gipuzkoan boto bat gehiago duenak izango du gobernatzeko giltza –ekarri zuen gogora hautagaiak–. Inork ezin du etxean gelditu».

Beraien ondoan, honela mintzo zen Reyes Carrere donostiarra: «Eliteen gainetik, postaleko hiri turistikoaren gainetik, gure indarra, gure protagonismoa, gure parte-hartzea, gure inplikazioa, hori da hiri honek behar duena. Herritarrok udal politikarekin protagonismoa berreskuratu behar dugu».

«Zurekin Donostia gara. Eta horixe egin dugu eta egingo dugu: erakundeen eta herritarren arteko lotura indartu. Donostia, donostiarrekin. Zertarako? Gauzak aldatzeko eta hobetzeko», zin egin zuen hautagaiak.

Esker ona adierazi zuen Carrerek, azken ekitaldi hau baliatuz: «Eskerrak eman nahi dizkizuet nigan konfiantza erakutsi duzuen pertsona guztiei. Eskerrak, auzoz auzo eta kalez kale nire aldeko botoa eskatuz kanpainan aritu zareten boluntario guztiei. Eskerrak babestu eta lagundu nauzuen guztioi, eskerrak bide honetan bidelagun izateagatik».