Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
DONOSTIA
Surf

Kanoa Igarashi eta Stephanie Gilmore nagusi Baliko olatuetan

Mutilen zein nesken CT itzuliko hirugarren lehiaketa asteburuan jokatu da Keramas eskuin olatu famatuan. Nesken kategorian australiarrak nagusitu dira, eta mutilenean ezusteko emaitzak izan dira. Aste honetan Australian izango da ikuskizuna.

Balin dagoen Keramaseko eskuin olatua brasildarrentzat egokia zen, izan ere, Keramas ez da olatu handiak eskaintzen dituen urautsia eta mota guztietako ariketak egiteko aukera eskaintzen du, baita airekoak ere. Horrelako baldintzetan brasildarrek emaitza onak eskuratu ohi dituzte, baina ez zen horrela izan 2019ko Corona Bali Protectet txapelketan.

Mutilen finalerdietara iritsi ziren lau lehiakideen artean brasildar bakarra zegoen, Michael Rodriguez gaztea, orain gutxira arte ezezaguna zen surflari “hasiberria”. Bestalde, finalera iristea lortu ez bazuen ere, finalerdietan lehiatu ziren surflarien artean Kelly Slater zegoen, CT itzuliko lehiakide beteranoena.

Nesken kategorian, ostera, australiarrak nagusitu ziren. Finalerdietan, lau lehiakideetatik hiru australiarrak ziren, eta, laugarrena, Costa Ricakoa. Ondorioz, mutilen kategorian brasildarrek behera egin zuten moduan, nesken mailan estatubatuarrek huts egin zutela esan daiteke.

Stepahnie Gilmore berriz ere

31 urterekin nesken lehen mailako lehiakiderik zaharrena da Stepanhie Gilmore. Zazpi bider irabazi du WCTko munduko titulua (2007, 2008, 2009, 2010, 2012, 2014 eta 2018) eta aurtengo denboraldia ere ezin hobeto hasi du. Aurtengo itzuliko lehen bi txapelketetan final laurdenetara iritsi zen eta hirugarren txapelketan garaipena lortu zuen. Emaitza horiei esker, sailkapeneko lehen postuan da egun surflari australiarra.

Keramasen Sally Fitzgibbons izan zuen arerio Gilmorek finalean. Bi metroko olatu garbiak izan ziren. Hasieran olatuek forma borobila zuten, tubo laburrak egiteko aukera eskaintzen zuten, baina lehiakideek nahiago zuten bira indartsu bat egitea, une zailetan bira on bat egiteak puntu asko eskaintzen baititu.

Fitzgibbonsek, likra arrosarekin, olatu on bakarra hartu zuen, 5,5 puntukoa. Itxaroten egon arren, ez zen bigarren olaturik etorri. Edonola ere, Gilmore garaitzeko zailtasun handiak izango lituzke, munduko txapeldun ohiak hamarreko borobil bat eta 6,83 puntu jaso zituen bigarren olatu bat egin baitzituen. Gilmore likra urdinarekin itsasoratu zen azken lehiaketan, baina lortutako emaitzari esker ranking orokorreko buru jarri da eta datozen egunetan Australian egingo duten txapelketan liderrak jantzi ohi duen likra horiarekin lehiatuko du.

Gauzak horrela, Caroline Marks estatubatuarra bigarren postura jaitsi da lehendabizikoa galduta. Courtney Conlogue estatubatuarra hirugarren postuan dago, eta, Carissa Moore hawaiiarra, laugarrenean. Bosgarren postuan Sally Fitzgibbons dago.

Ezusteko emaitzak

Kanoa Igarashi lehiakide japoniarra eta Jeremy Flores frantsesa izan ziren Keramasen mutilen finalean. Aspaldian emaitza onak lortu ez dituzten lehiakideak gailendu ziren Balin, eta horrek ikuskizuna interesgarri bilakatu zuen. Kelly Slater, esaterako, aspaldiko partez finalera iristeko zorian egon zen, baina Igarashik itxi zion bidea.

Nesken finalean bezala, mutilenean ere, aurpegiz aritu ziren surf egiten bi finalistak, biak eskuin surflariak baitira. Hori bai, estrategia desberdinak erabili zituzten. Reunion uharteko surflariak tuboak nahi zituen, baina ez zen tuboak egiteko egunik egokiena. Hala ere, lortu zuen tubo on bat egitea.

Igarashik, ostera, denetariko ariketak egin zituen; airekoak, floater-ak eta bira indartsuak, eta puntu asko bildu zituen. Oso berdinduta aritu ziren bi lehiakideak eta ozta-ozta irabazi zuen Igarashik. Olatu hoberenarekin 9,10 puntu lortu zituen eta bigarren olatu onenagatik 6,00 puntu eman zizkioten.

Jeremy Floresek 8,93 eta 5,70 puntuko bi olatu egin zituen. Ondorioz, 14,63 puntu bildu zituen, Igarashik baino puntu erdi bat gutxiago. Hala ere, Keramasen lortutako bigarren postuari esker bederatzi postu gora egin ditu ranking orokorrean eta egun zazpigarren postuan dago.

John John Florence da egun mutilen rankingeko burua, eta, bere atzetik, bigarren postuan, Kanoa Igarashi dago, Keramaseko garaipenari esker zortzi postu egin baititu gora CT rankingean. Italo Ferreira brasildarrak postu bat behera egin du eta egun hirugarrenean dago. Eta Filipe Toledo brasildarrak laugarren postuan jarraitzen du.

Lehen mailako nesken eta mutilen itzuliko laugarren txapelketa maiatzaren 29tik ekainaren 9ra bitartean izango da, Australia mendebaldean. Margaret River inguruan diren urautsietan egingo dute txapelketa. Urautsi bakoitza oso desberdina da eta itsasoko baldintzen arabera batean edo bestean egin dezakete lehiaketa. Horrek are interesgarriago bilakatzen du txapelketa.

Honi buruzko guztia: Surf