Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Esker aunitz, Joseba

Eskerrak eman nahi dizkizut alkate izan zaitudan horri. Zu izan zarelako lehena eta ozenen hitz egin duena emakumeonganako bortizkeria sistematikoaz. Gainontzeko hiriburuetako mandatariek euren ziutateen irudia zikin ez zedin eraso isolatuez hitz egin izan duten bitartean, zuk errotik eraldatu beharreko sistema, kultura eta hezkuntza heteropatriarkalaren baitan kokatu dituzu gure hirian jazotakoak. Eta onenez inguratu zara, Patri bezalako zinegotzi bat ondoan izanik, borroka honi buruzko elkarrizketan inoiz inork eman didan begirada zintzo eta indartsuena eman zidana.

Eskerrak ere alkate zaituen udalean ezkontzearekin amestu izan dudalako. Nire emaztea izango dena maite dudan bezala maite duzulako zuk emakumeak maite ditugun emakumeon eskubideak bermatzea. Jakin dezazula, gainera, pasio duzun historiaz baliatu nintzela bera konkistatzeko; neska nafar batekin ligatu nahi zuen eta nik, arabarra naizenez gero, nafarra nintzela esan nion. Halaxe maitemindu ginen, zu alkate izan zaituen hirian, bazterketari gailendu zitzaion ilusioaren hirian.

Eskerrak eman nahi dizkizut, herritarrek baloratzen jakin duten zure politika egiteko jarrera arduratsuagatik. Nire tristezia eta amorrua ez dira zure erantzukizuna; bai, ordea, zuk utzitako eta jarraitu beharreko aztarna, mendeku gogoz datozenek ere ezabatuko ez dutena.