Surflari ernegatua

Ez gara existitzen

Bidarten ezagutu nituen Delpero anaiak, duela zenbait urte, beraien etxean. Euskara ikasteko lagun talde bat elkartzen zen, guztiak surflariak, eta haietako batzuk, gainera, mundu mailan lehiatzen direnak edo lehiatu izan direnak ziren. Esku batean garagardoa eta bestean lapitza, Jon Heguy Donibane Lohizuneko surflariak ematen zizkien ariketak egiten zituzten. Gogoa behintzat jartzen zuten.

Duela bi urte, euskaldunok Euskal Herrian euskaldun gisa lehiatzeko eskubidea dugula aldarrikatzeko Biarritzen bildu ginenean ere kasu egitera hurbildu eta beren sostengua erakutsi ziguten. Haiek frantsesak dira, frantsesak sentitzen dira, baina errespetatu egiten gaituzte.

Oroitzen dut kazetari frantses bat gerturatu zela eta Antoineri galdetu ziola ea zer egiten zuen hor, bera frantsesa izanda. «Hauek ere lehiatzeko eskubidea dute», erantzun zion. Ordutik estimu handia diet bi anaiei, ziur aski, frantsesa banintz, kazetari mozola hura bezalakoa izango nintzatekeelako.

Azken egunotan, herrialdeen arteko munduko surf txapelketa bat izan da berriz Biarritzen. Beste behin ere Euskal Selekzioak ezin izan du parte hartu, eta euskal lehiakideek parte hartzeko zuten aukera bakarra selekzio frantsesean edo espainolean plaza bat lortzea zen. Kirola guztiaren gainetik jartzen duten horien ikuspuntua beti iruditu zait oso eskasa, niretzat nortasun apur bat izatea gizaki batek izan behar duen lehen osagaia baita. Baina ikuspegi horretatik begiratzen jarrita ere, ezin uler dezaket Espainiako selekzioa hautatzen duen surflaria. Selekzio frantsesa, tira, diru asko dute, laguntza asko eskaintzen dituzte eta emaitza oso onak lortzen dituzte. Baina espainolak? Maila apur bat duen surflaria ere mailaz jaistera behartzen dute.

Biarritzen frantsesek irabazi zuten eta azkena Afganistango taldea geratu zen, 30. postuan, baina, hala ere, Espainiako selekzioak baino postu duinagoa lortu zuela esango nuke, espainiarrak Txina, Errusia eta Danimarka bezalako herrialdeen atzetik geratu baitziren, 21. postuan. Bai, 21.ean.

Bitartean, “Txoria txori” abesten duten biarriztarrek eta ikurrina zoko guztietan jartzen duten «bertako» hiritarrek, koloreak hautatzen hasita, gorria, urdina eta zuria nahiago dituztela erakutsi zuten. Antza, ikurrintxoa etxean ahaztu zuten guztiek. Ez zen ikurrinik Euskaldunen Hondartzan egin zen mundu txapelketan. Ikurrinak, beste banderen ondoan jartzen bada, folklorikoa izateari uzten baitio. Eta Euskaldunen Kosta ez baita euskaldunen kosta, “Côte des Basques” baizik.