Juan Antonio Armentia
Pentsionistak Araba
KOLABORAZIOA

Lan-erreformak indargabetzea

2010. urtetik hona lan-erreformak biderkatu egin dira, lan harremanei eta negoziazio kolektiboari dagokienez, eta enpresarien boterea handitu egin da, langileen negoziatzeko ahalmena eta beraien eskubideak suntsitzen joan diren neurrian.

Erreforma laboral hauek lan-baldintzak, soldatak eta lan-osasuna erabat kaltetu dituzte; lan-baldintzak adosteko eskubideak suntsitu dituzte eta aldi baterako kontratuak eta enplegua erregulatzeko espedienteak (EEE) orokortu dituzte; kaleratzeak erraztu dituzte, baita obra eta zerbitzuen azpi-kontratazioak eta enpresen hainbat arlo kanpora ateratzea ere. Neutraltasun itxura horrek emakumeen egoera sozio-laboral kaskarra iraunarazi du; izan ere, kaleratze askok, lan baldintzen hondatzeak, behin-behineko kontratazioek eta abarrek emakumeei eragin diete.

Lan-hitzarmenen ultraaktibitatea ezabatu duen negoziazio kolektiboaren erreformak edo sektoreko itunen indargabetzeak soldata-maila bikoitzak eta murrizketak ekarri dituzte.

Soldatek BPGan duten partea jaisten ari dira eta soldata pobrezia etengabe handituz doa, jende gazteari bizibide duin eta autonomoa eskuratzeko baldintzak zailduz, eta genero desberdinkeria areagotuz.

Oraindik ez dira berreskuratu krisiaren urte gogorrenetan galdu ziren milaka lanpostu. Berreskuratutako lanpostuak ez dira egonkorrak eta, eskubideei dagokienez, gero eta prekarioagoak dira. Arlo guztietan eta adin talde denetan, gora egin du prekaritateak. Gizonezkoen eta andrazkoen artean lan baldintzetan desberdintasun handiak daude; lan partziala ere asko hazi da azken urteotan.

Kapitalismoaren fase berri honen birmoldaketan oso kaltetua atera den sektoreetako bat gazteria da: langabezia tasa altuekin, sortzen diren lanpostu berriek muturreko prekaritatea eta soldata baxuak dituzte ezaugarri. Horren ondorioz, milaka gaztek atzerrirako bidea hartu behar izan dute azken urteotan.

Lantoki eta enpresetan gero eta gehiago gertatzen da elkarren ondoan aritzea enpresa ezberdinetarako lan egiten duten pertsonak: enpresa nagusia, ETT, kontrata, azpikontrata, autonomoak... Urrunago begiratuz, ez kasu gutxitan enpresa nagusiko langileek produkzio prozeduran talde txikiena osatzen dute, eta enpresa hauen etekinak eta onurak atzerriko herrialdeetan pilatzen dira.

Aipatutako esplotazio profil horiek are basatiagoak dira zenbait arlotan; adibidez, etxeko langileen arloan. 2012an talde hau Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean txertatu zen, baina parekatzea ez zen osoa izan. Ez dute langabezia prestaziorik, soldata errealaren kotizazioak falta dira, parekatzea atzeratuz, hasieran 2019ra eta orain 2021era. Itxuraz, etxeko lana beharrezkoa dela baina botereek erabat mespretxatzen dutela. Milaka emakume langile esplotatuta daude, erakunde publikoek erantzuten ez dieten zaintza lanak betetzeko.

Lan erreformen eragina sakona izan da. Lan ministroak berak azaldu bezala, 2018an 2011n baino 1,2 milioi kotizatzaile gehiago egon ziren arren, 1.328 milioi gutxiago jaso ziren kotizazioetan. Datu horrek agerian jartzen du soldaten jaitsiera beldurgarria gertatu dela. Horrek Pentsio Sistema Publikoaren suntsiketa suposatzen du.