2019/06/05

Medeak-eko kide bati egindako «eraso transfobo eta lesbofoboa» salatu dute

Medeak taldeko kide batek jasandako erasoa salatu dute. Biktimak berak egin du gertakarien kontakizuna: Donostiatik gertuko gasolindegi batean egin zioten erasoa, «arrazoi lesbofobo eta transfoboek» bultzatuta. Prozesu judizialean izan duen trataera ere salatu du.

GARA|DONOSTIA
0605_eh_lgtbi

Maiatzaren 23an gertatu zen erasoa, Donostiatik gertuko gasolindegi batean. Errepidean ustez izandako ika-mika baten ondotik, gizon batek Medeak taldeko kideak gidatzen zuen autoari jarraitu zion gasolindegiraino. «Konturatu orduko, kotxeko atea ireki zuen, lepotik heldu eta gidariaren ondoko eserlekuan etzanarazi ninduen... Ni itotzen saiatu bitartean, garrasika hasi zitzaidan: hil egingo ninduela, suntsitu egingo ninduela, lehertu egingo ninduela», kontatu du biktimak, taldearen webgunean jarri duen testigantzan. Azaldu duenez, Hernaniko Ertzaintzaren komisarian eman zuen arratsaldea, eta hurrengo goizean epaitegira joan behar izan zuen, urruntze agindua ezarriko zuen ebazteko.

«Epaileak ez zuen akusazioa onartu, nik uste ez zuela gasolindegiko bideoa ikusi. Eraso arina, horixe besterik ez zuen onartu, baina nik argi neukan: hura ez zen arina izan», adierazi du biktimak. .

Eragin emozionala

Epaiketa maiatzaren 29an izan zen. Medeak-eko kideak kontatu duenez, akusatuak onartu egin zituen karguak eta eraso arina eta mehatxuak izan zirela ebatzi zuen epaileak, baita 150 euroko kalte-ordaina eta urruntze agindua urtebetez ezarri ere. «Transfobia eta lesbofobia ez dira sexu erasotzat hartzen: tipo batek titiak txikitu zizkidan, baina horrek ez omen dauka inongo kutsu sexualik», azaldu du biktimak. Medeak-ek, gertaeraren harira, ohartarazi du «justizia patriarkalaren prozesu biktimizatzaile bikoitza» jasan duela biktimak, berak bizi izandakoa ez dutelako epaitu «eraso sexual edo gorroto delitu» gisa. Erasotako kideak berak salatu duenez, prozesu osoan ez dute kontuan hartu erasoak berarengan izan duen eragin emozionala. «Ezin dut imajinatu bortxaketa bat salatu eta erasoak banan-banan azaldu beharra», esan du testigantzan.

LABek erasoa gogor salatu du, eta, biktimari eta Medeak talde osoari «elkartasun osoa» adierazteaz gain, testigantzaren balioa nabarmendu du.