Lander Garro
Idazlea
AZKEN PUNTUA

Armagabetzea

Hilabete generaman “2 urte eta 4 hilabete” dokumentalerako dirua biltzen, eta pozik nengoen, jendea harrera ederra egiten ari zitzaiolako istorioari. «Belaunaldi baten kronika», esaten zidaten askok. Duela 30 urte izan zen, kasik denak ados egon ginen, behingoagatik, baita EA edo EAJko asko ere (ez denak): soldaduska gauza anakronikoa zen, eta haren kontra legea urratzea ona zen. Sobera dago esatea EAJren gobernuak Ertzaintza bidaltzen zuela gazteak atxilotzera, intsumisioa babesten zuela esaten ari zen bitartean. Baina hori beste gai bat da. Kontuak kontu, bilketa primeran zihoan, eta gu pozik. Eta halako batean, herenegun, hara non agertzen zaidan semea etxean, hondartzan aurkitutako gerrako bonba batekin. Pozarren hura ere, behingoagatik benetako arma bat eskuetan zeukalako. Etxean halako lehergailu bat izatea arriskutsua zela ohartuta, ordea, hondartzara itzuli eta poliziari hots egitea erabaki genuen. Gaur izan da armagabetzea. Euria ari zuen. Hotza. Peru, itsasertzari so eginez, aitarekin haserre. Ni, pixka bat lotsatuta. Etorri dira poliziak. Izena eskatu didate, gure Peruri errieta egin diote bonba ukitzeagatik. Eta armekin joan dira. Perutxok esan du: «Polizia beti geratzen da armekin», haurrek egia esateko eta biribiltzeko daukaten gaitasunaz. Hasierara itzuliz, ez esan filmak ez duela zentzurik, horretaz ari gara, hain zuzen ere: botereak armak pilatzeko daukan joera gaixoaz.