M. UBIRIA BEAUMONT
DONIBANE LOHIZUNE

Murgiltze ereduari hesirik ez jartzeko galdegin dute sare elebiduneko irakasleek

Ipar Euskal Herriko irakaskuntza elebiduneko bost elkartek lehen aldiz mobilizazio bateratua egin zuten atzo, euskararen murgiltze ereduaren defentsan.

Euskara Geroan, Ikas-Bi, Euskal Haziak, Biga Bai eta Erakasleak elkarteek gutun bateratua igorri zieten, joan zen maiatzaren 20an, Euskal Elkargoko 233 hautetsiei, euskararen murgiltze ereduak bizi duen egoeraz beren kezka azaleratzeko. Gutun horretan irakaskuntza elebidunaren balioa nabarmendu, eta gogorarazi zuten «gurasoek egindako hautuari» erantzunez zabaldu dela azken urteotan euskara eredu publikoan.

Atzo arratsaldean, lehenengo eta bigarren mailako dozenaka irakaslek elkarretaratzea egin zuten Hezkuntza ordezkaritza aitzinean, Donibane Lohizunen.

Laida Etxamendi irakasleak bertan azaldu zuenez, ekimen horrekin batera eskutitza igorriko diote Hezkuntza ministroari, beren aldarrikapenen berri emateko: ama eskolan murgiltze ereduaren garapena bermatzea; euskalduntze prozesurako beharrezkoak diren baliabideak eta ikasle ratioak bermatzea, eta lizeo mailan euskara orduak atxikitzea.

Bestalde, Seaskak danborrada antolatu du bihar arratsalderako, 16.00etatik aurrera, Hondartza Handia eta St Eugenie plaza artean, Biarritzen, euskararen murgiltze eredua babestu eta baliabide eskasia salatzeko.