GARA
BERGARA

Bitorianatxo erraldoi egin da, eta gaur bataioa izango du Bergaran

Bakailao lapiko artean jaiak borborka egingo du gaur Bergaran, eta erraldoien neurrira egindako eguna izango da. Bitorianatxo pertsonaian oinarritutako erraldoi berriari harrera egingo diote, Torrejon de Ardoz, Urretxu eta Deustuko Ondalaneko lagunak ondoan dituztela.

Bitorianatxoren etorrerak hankaz gora jarri du Bergara, jaien paradisuan dena posible egiten duen gogo aldarte berezi hori bazter guztietara zabalduz. Festa giroak etenaldi luzeegirik izan ez dezan, gaueko ordu txikietan apaldutako indarrak berpizteko agindua emango dute goizean txistulariek, trikitilariek eta dultzaineroek.

Horren ostekoak bakailaoren zaporea eta usaina izango du. Maila handiko hitzordua da, baina horren inguruan ibiliko direnak ere ez dira txiki geratzen. Izan ere, herriko elkarteak lapiko artean lehiatu bitartean, San Martin plaza erraldoien enparantza bilakatuko da egunean zehar. Erraldoien erakusketa, erraldoiak egiteko tailerra, palomita makina, puzgarriak eta margotzeko aukera izango dute txikienek bertan, Bergarako Erraldoi Taldeak antolatuta.

Aurten estreinaldia eta dena izango dute Pentekoste jaiek. Lagun berri bat dute erraldoien taldean, Bitorianatxoren pertsonaian oinarrituta dagoen erraldoi txiki berria. Heldu berriaren bataioa egingo dute eguerdian, eta aurten jaietara gonbidatu dituzten Torrejon de Ardozko, Urretxuko eta Deustuko Ondalaneko erraldoiei ongietorria egingo diete. Eguerdi partean izango da aurkezpena eta ongietorria, San Martin plazan eta udalbatza aretoan. Erraldoien dantzak izango dira horren ondoren, eta arratsaldean errepika izango du, kalejira batekin.

«Free style» eta Esne Beltza

Dantzak daude arratsalde parteko jaien planaren barruan ere. Mariaren Lagundiko jolastokian «Free Style» erakustaldia iragartzen du egitarauak. Arriskuaren maitaleentzat, errekortarien txapelketa izango da arratsaldean, eta iluntzean herriko musika bandei eskainiko diete tartea Irizarko plazatxoan, Low Cost Deluxe eta Black Lemon taldeen kontzertuan. Bigarren gaueko musika emanaldia Esne Beltzak egingo du, gaur, 23.00etan.

Txosnetan, bestalde, Gure Artera Eguna ospatuko dute gaur, presoak eta iheslariak gogoan. Ezten Giro taldeak alaituko du bazkalostekoa. Gauerditik aurrera, giroa ez da faltako, Urgatz, Egurra eta Kitto, Ttun Ttun Brigade Gorpuzkingz eta MTR DJarekin.

Hurrengo egunetara begira, festazale bergararren hitzordu nagusietako bat astelehenean izango da, Kuadrillen Eguna ospatzen duten herri bazkarian. Egunean zehar dantzaldia eta erromeria eskaintza ezberdinak izango dira adin eta estiloaren arabera. Bitorianatxok alde egin aurretik, umeen eta helduen egunarekin amaituko dira jaiak asteartean, hamaika proposamenekin.