Andoni ARABAOLAZA
Hitzarmena

Araotzeko eskalada eskola udal kirol azpiegitura bihurtu da

Horrela erabaki dute Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Mendizale Federazioak, Oñatiko Udalak, Aloña mendi elkarteak etaAraotzeko lursailen jabeek. Hitzarmen aitzindari hori lortzeko bost urteko eztabaidak eta hausnarketak behar izan dira.

Bi legegintzaldi baino gehiago igaro dira Gipuzkoako eskalada eskolak berrekipatzeko lanak hasi zirenetik. Lan horretaz gain, eskola bakoitzean panel informatiboak jarri dira, aparkalekuak txukundu dira... Eta hori guztia aurrera eraman da Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Mendizale Federazioak sinatutako hitzarmen bati esker.

Bada, orain, beste urrats kualitatibo bat eman da. Eta “zorte” hori Oñatin kokatuta dagoen Araotzek dauka. Zalantzarik gabe, herri horretan hartu berri den erabakiak asko eta asko lekuz kanpo harrapatu ditu. Zergatik diogu hori? Bada, eskalada eskola hori udal kirol azpiegitura bihurtu delako. Bitxia, ezohikoa... norberak jar dezala hitz egokiena. Baina, bai, hala da.

Ofizialki udal azpiegitura bihurtzeko lan eskerga behar izan dute egin. Prozesua duela bost urte hasi zen, eta esan dezakegu ia guztientzat amets bat egia bihurtu dela. Eztabaida eta hausnarketa asko egin dira. Eta horretan buru-belarri jardun dutenak bost protagonista izan dira: Gipuzkoako Foru Aldundia, Gipuzkoako Mendizale Federazioa, Oñatiko Udala, Aloña mendi elkartearen eskalada saila eta Araotzeko lursailen jabeak.

Bada, eragile hauek guztiek Araotz udal azpiegitura bihurtu dadin hitzarmena sinatu dute. Eta Euskal Herrian zein gure ingurumarian gai honetan dagoen egoera ikusirik, lasai asko aitor daiteke sinatutako hitzarmena aitzindaria dela. Lema bat izan daiteke: “Zaindu eta arautu”. Baina, hain zuzen ere, hori da hitzarmenaren zutabe nagusia.

Udal azpiegitura berri honek etorkizuna izan dezan, Oñatiko Udalak honako ardurak hartuko ditu: garbiketa egin, seinalek jarri, sarbideak txukundu... Bide batez, lursailen jabeek gertakizun baten aurrean izan dezaketen arduraren inguruan esku hartuko luke.

Bien bitartean, mendizale federazioak Araotzeko bideen mantentze-lanak egingo lituzke. Hots, egun egiten duen bezala, beharrezko balitz txapak eta kimikoak aldatuko lituzke.

Adostasuna

Hori guztia biribildu ahal izateko, bost eragile horiek Araotzeko natura eta kultura ondarea babesteko erabakiak hartuko dituzte. Eta, jakina, erantzukizun zibilaren inguruan ez dute aitzakiarik izango. Erabaki ofiziala denez, eskalatzaileen ardura, eskalada eskola horretan egiten den erabilera... arautuko da.

Arestian aipatu dugun bezala, hitzarmen hori sinatzeko izan den prozesua luzea izan da. Baina alde guztiak ados jarri dira, eta hori da garrantzitsuena: «Argi dago Araotz oso egonkortuta dagoela. Gero eta eskalatzaile gehiagok bisitatzen dute. Arazo bat baino gehiago izan dira, batez ere eskalatzaileen eta lursail horien jabeen artean. Eta pribatuak direnez, publikoa izatea eskatu genien».

Bide batez, onartu dute prozesu juridikoa zaila eta nahasia izan dela; izan ere, gai horren inguruan eskarmenturik ez dago eta erabaki askok eta askok oinarririk ez dute: «Hala ere, behin betiko emaitza oso positiboa da; uste dugu denok irabazten dugula. Bide batez, lursail horien jabeek egin duten ekarpena eskertu nahi dugu».

Hitzarmen aitzindari honek lehen urratsak egin ditu, eta hura sinatu duten alde guztiek argi dute hartutako erabakiek etorkizunean isla izango dutela. Adibidez, udazkenerako bideen mantentze-lanak egin eta egoera txarrean dauden txapak eta kimikoak aldatuko dira.

Azkenik, Araotzen inguruan hartutako erabakien garrantzia dela-eta, dokumental bat grabatzen ari dira. Ziur aski, heldu den Bilboko Mendi Film Jaialdian aurkeztuko da. Hori gutxi ez, eta hitzarmen horrek jasotzen dituen oinarri garrantzitsuenak gai honen inguruan antolatzen diren jardunaldietan aurkezten ari dira.