Jokin ETXANIZ
Aspeko teknikaria

Erabakietan asmatu du

Edozein aldetara eror zitekeen final handi bat ikusi genuen atzo Bizkaian, gogorra, lehiatua eta emozioz betea. Aitzakiaren bat bilatzen hasita, agian tantoak amaitzerakoan ez ziren horren fin aritu; garai bateko Aimar eta Irujoren arteko finaletan agian bukaera horietan kalitate gehiago izango zuten, baina orokorrean final handi batez gozatzeko parada izan genuen.

Partida, gehienean, espero genuen bidetik joan zen: Irribarriak gehiago dominatu zuen, kolpez oso fresko zegoen; baina Mikelek zer mailatako pilotaria den erakutsi zuen une oro eta defentsan izugarri aritu zen. Aurreko finalekin alderatuta, azken bietan finalista guztiak gureak ziren; atzo alde horretatik askoz gehiago sufritu nuen, eta une askotan partida oso maldan gora ikusi nuen, baina Ikerrek finala oso ondo irakurri zuen eta buelta eman ahal izan zion. Urrutikoetxeak markagailuan aldea egin zuenean min handia egin zion, baina azkar lortu zuen partidari eustea. Niretzat funtsezkoa izan zen une horietan hartu zuen erabaki bat. Momentu batzuetan airearen bila itsu-itsuan joan zen, baina atzera pauso bat eman, botera ondo jarri eta kantxa askoz gehiago dominatu zuen.

Txapel honekin gauza asko erakusten ditu; agian txapela hain gazte jantzita, listoia oso goian jarri zuen, eta heltzea zaila bada, mantentzea are gehiago. Baina lan asko dago atzean eta etorkizunerako ere oso ondo etorriko zaio, baita guri ere.