Iñaki SOTO

Gauzak kontatzeko mila manera

Gauzak kontatzeko mila manera daude. Gurea, GARArena, horietako bat da. GARAren barruan gauzak kontatzeko beste hamaika era dauden arren. Zentzu batean, pluraltasuna panpina errusiar bat bezalakoa baita.

Norberak ere gauzak kontatzeko forma desberdinak izaten ditu. Ez soilik denborarekin gauzak desitxuratzen ditugulako, edertu edo mozorrotzeko, baizik eta gure aurrekariek gure mundu ikuskera eraldatzen dutelako, gramatika hutsari eta sistema dezimalari bestelako sistema partikularrak gehituz.

Duela gutxienez hamazazpi urtetik, zenbait gauza kontatzeko era partikular bat daukat. Nire lagunak galdu dituen gauzen arabera zenbatzen dut. Eta musika, bandak eta kontzertuak gauzak zenbatzeko neurri horietako bat da. AC/DCren Bartzelonako kontzertu hura aro baten amaiera eta beste baten hasiera markatzen duen mugarria baita.

Lagunak ez du Kuraiaren kontzerturik ikusi. Ez da Putzuzulon Folkcore entzuten egon. Ez ditu ez lagunak ezta nire jefea ere jotzen ikusi. Ez du Zentral ezagutu eta ez du bertara Flamenco On Fire jaialdia ikustera joaterik izan. Su Ta Gar Gayarre antzokian jotzen galdu du. Extremodurok Iruñeko zezen plazan eman zuen azken kontzertu horretan ere ez zen egon. Ezin izan da Diana Krall Trinitate plazara entzutera joan. Berak ezagutu zituen Berri Txarrak eta oraingoa gauza bera eta aldi berean oso bestelakoa dira.

Jakina, nire laguna ez zen igandean Illunben izan. Nire laguna preso dago. Bera bezala beste 252 preso politiko daude oraindik. Horrela markatzen du gure azalak. Ni bezala beste hamaika lagun eta senide daude, norbera bere gauzak zenbatzeko era partikular batekin: batentzat kuadrillako afariak eta bestearentzat bilobaren urtebetetzeak izango dira. Gogoratzen dituenean, aldi berean negargura eta samurtasuna eragiten dioten gauzak izango dira. Zalantzarik gabe, maitasun kontuak dira.

Kontadore hori hutsean jarri arte, Euskal Herrian beti egongo da egunkari bat kartzelara sartu eta gure kontatzeko era bilduko duena. Abestiak dioen bezala (elkarrekin ikusi genituen, Mikel? Ez naiz oroitzen), lerro hauek zuentzat baitira.