Asier AIESTARAN
PILOTA

Hiru urtez landutako biharamun gozoa

Beste zapore bat utzi dio bigarren txapelak Irribarriari, irabaztea «zenbat kostatzen den» jakitunago.

Merezi duen moduan ospatu zuen Iker Irribarriak igande gauean buruz buruko bere bigarren txapela: lagun eta senitartekoen harrera beroa, lore sorta, bertsolariak, musika... Giro bikainean bildu ziren gipuzkoarraren jarraitzaileak Ordiziako Tximista sagardotegian, baina, hala ere, aurpegi onarekin azaldu zen atzo txapeldun berria komunikabideekin biharamunean jarritako hitzordura.

«Berdin ospatu dut», bota zuen 2016an irabazitako lehen txapelaren osteko jaiarekin ea alderik egon zen galdetuta. Berdin ospatu bai, baina bi txapelek zapore berdina ez dutela onartu zuen. «Diferenteak dira. Aurrenekoa azkar heldu zen, eta bigarren hau gehiago kostata. Bakoitzak bere alde onak dauzka. Aurrenekoa irabaztean agian ez nintzen konturatu zein zaila den txapela janztea, eta bigarrena kosta zaidana ikusita beste zapore bat dauka».

Azken hiru urte hauetan izandako bilakaera asko aipatu du azken asteotan aramarrak, eta finalean ikusitakoa aldaketa horren erakusle izan daiteke, une zailetan aurrera egiten bikain asmatu zuelako. «Momentu zailak dira, klabeak seguru asko. Adibidez, 12-7koan, lehen deskansoan, luze egiten da atsedena. Eta 15-10ekoa, berak bi edo hiru tanto segidan eginda, une zaila zen. Momentu horretan horixe pentsatu behar duzu: tanto bat ahalik eta azkarren egin, sakea berreskuratu eta inoiz ez etsi. Berak askotan erakutsi du ez duela inoiz etsitzen eta zuk etsitzen baduzu ez daukazu zer eginik», azaldu zuen une horietan sentitutakoa.

Eta finalean bakarrik ez, txapelketa guztian erakutsi du une zailei aurre egiteko gaitasuna, Victorren eta Altunaren aurka ere markagailuan atzetik ibili baitzen. «Esperientzia kontua izango da. Noski, beti askoz nahiago izaten da markagailuan aurretik joan, gauzak errazago aurkitzeko, baina atzetik lana egitea tokatzen denean ere gustura egiten da, are gehiago ikusita final batean zaudela. Aurtengoa horrelaxe tokatu da, beste urte batean agian parekoago joango da edo aurretik ni ibili. Momentu zailak dira, baina esperientziarekin une horiek detektatzen ikasten duzu».

Pauso bat atzera

Partidaren joera aldatzeko gakoa pauso bat atzera eman eta botera gehiago jokatzea izan ote zen ere galdetu zioten Irribarriari, eta aramarrak baiezkoa erantzun zuen. «Aurreneko zatian berak errestoa oso altu jotzen zuen, pilota hilda etortzen zen, eta horrelakoetan sotamano sartzea zaila izaten da. Eta ez baduzu gozatzen, gero gehiago kostatzen da defendatzea. Hor erabaki nuen hiru edo lau pauso atzera eman eta botera jartzea, eta nik uste horrela min gehiago egiten niola».

Erabaki eta aldaketa garrantzitsuak dira, are gehiago gaur egun pilotariak ez duelako botileroaren laguntzarik izaten kantxara irtendakoan. «Erabakiak norberak hartzen ditu beti, baina faltan botatzen da laguntza hori. Urruti eta biok kantxan ingurura begira geunden, babes bila bezala, zaila delako horrelako final batean bakarrik egotea. Asko dago jokoan, tentsio uneak izaten dira».

Adibidez, 18-21ekoarekin sakez falta egin zuenean: «Beste aukerarik ez zegoen. Ongi errestatu hurrengo sakeari eta tantoa ahalik eta azkarren egin».

 

Erronka berriei aurre, gorriz jantzita

Horren maiteak genituen tradizio asko galtzen ari dira pilota munduan, baina oraingoz aldatu ez duten bat da buruz buruko txapeldunak urte osoan gorriz jokatzearena. Tradizio berezia da eta Irribarriari ilusio berezia egiten diona. «Gustura. Aspaldian gorriz jokatu gabe nago eta pilotari batentzat gauza berezia da urte osoa gorriz jokatzea», onartu zuen aurrelariak, aurrera begira erronka berriak ere jarriz. «Bi aldiz iritsi naiz sanferminetako finalera eta bietan frontoitik atera gaituzte aurkariek. Ea beste aukera bat dudan», bota zuen lehenik. «Helburu handienak txapelketak dira, baina gustatuko litzaidake uda on bat egitea eta konstantea izatea. Eta orain bi urtekoa bezalako bajoirik ez izatea behintzat», gehitu zuen ondoren, udako torneoetan oraindik garaipenik lortu ez izana ahaztu gabe. Argi duena da oporrik gabe geratzea ez zaiola axola: «Nahiago finala jokatu eta oporrik ez izatea, finalik jokatu ez eta oporrak izatea baino».A.A.