2019/06/11

Hitzak doktrinamendurako arma zein antidoto direnean

Komunitate sektario baten hazia, muturreko hezkuntza erlijiosoa jaso zuen bere bizitzako lehen urteetan Sandra Labastie idazle frantziarrak. Bere iragana fikzio bihurtuta, hitzei zentzu berria bilatu ahala komunitatetik askatzen den neskatilaren bizipenak bildu ditu.

Amalur ARTOLA|DONOSTIA
0611_kul_labastie

Sandra Labastieren biografia hertsiki loturik dago “Tximeleten eternitatea” nobelarekin. Liburuko protagonista bezala, Biarritzen bizi den idazle frantziar honek ere muturreko heziketa erlijiosoa jaso zuen bere bizitzako lehen urteetan eta, komunitate sektario hark errealitatea nola itxuraldatzen zion jabetuta, gaztaroan Parisera alde egin eta Hizkuntzalaritza eta Erlijioen Historia ikasi zituen. «Esan genezake ezagutzaren eta hitzaren bitartez konjuratu zituela haurtzaroa lapurtu zion tirania erlijiosoaren zantzuak», laburbildu zuen Jorge Gimenez Bech Alberdaniako editoreak.

Labastieren eleberriak –irakurle helduei begira idatzia, baina, Gimenez Bechen hitzetan, gazteentzat ere «egokia»–Estatu frantsesean izan duen «arrakasta» izan zuen hizpide editoreak; kritikak ondo jaso zuen liburua eta 2015ean Irakurleen Sarirako hautatua izan zen. «Ez da epaimahai batek ematen duen saria, erosleek ematen dute, eta horrek esan nahi du komertzialki ondo funtzionatu duela», aipatu zuen Gimenez Bechek, eta euskarara Mitxel Murua zarauztarrak ekarri duela zehaztu zuen.

Nerabearen begirada

Hamahiru urteko neskato bat da “Tximeleten eternitatea” eleberriko protagonista. Munduaren azken egunaren zain bizi den komunitate milenarista bateko partaide da eta eleberrian zehar “apokalipsia” heldu aurreko urtea beharko lukeenaren kontakizuna egiten du Labastiek, lehen pertsonan, neskatoaren begiradari lotuta.

«Nerabezaroan sartzen ari da baina munduak ihes egiten dio, bukatu egingo baita», azaldu zuen Labastidak liburuaren aurkezpenean, eta hiztegi baten aurkikuntzak, eta harekin batera hitzek bestelako zentzua izan dezaketela ezagutzeak, antzaldatua iritsi zaion errealitatearen gainbehera eragingo duela azaldu zuen. «Konturatzen da hitzek bestelako esanahiak izan ditzaketela, komunitatetik irakatsi diotenaz bestelako zentzua, eta hiztegiak gogoeta egin eta zentzu horiek barneratzen lagunduko dio, errealitatea bestelakoa izan daitekeela konturatzen».

Hitzei esleitzen zaizkien esanahien gaineko gogoeta bat ere badago eleberrian, eta hitzen malabarismo horren bidez manipulazioa zein muturrera irits litekeen ere erakusten du Labastiek: «Hitzen bidez errealitate oso bat distortsiona daiteke, sektek doktrinamendurako erabiltzen dituzte eta liburua erreminta bat da zentzu horretan, soilik hitzak erabilita errealitatearen bestelako ikuspegia ematea, distortsionatzea, doktrinatzea posible dela erakusten duelako».

Bizitzeko irrika

Era berean, neskatoaren bizitzeko gogoak ere izango du eraginik: «Munduaren azken egunaren zain bizi den komunitate baten erdian, neskatoaren bizitzeko indarrak talka egiten du sinesmen akritikoekin, beti geroko utzitako gozatzearekin, saindutasunaren aldarean sakrifikatutako askatasunarekin», laburbildu zuen Labastiek.

Eleberria idazten hasi zenean protagonista sektatik ihes egitea lortu zuen emakume heldua zela aipatu zuen Labastiek, baina berehala ikusi zuela neskatoaren ahotsari eman behar ziola nagusitasuna. «Oso konplexua zen emakume helduaren ikuspegitik idaztea liburuak saiakera itxura hartu gabe, eta, aldiz, bizitzen jarraitu nahi duen neskatilaren begiradak sinpletasuna eta freskotasuna ematen zizkion eleberriari», azaldu zuen Labastiek.

Eleberriaren izenburuaz ere, “Tximeleten eternitatea”, mintzatu zen idazlea. «Bizitzaren loraldiaren ideia horrekin lotzen da izenburua. Izan ere, beldarra tximeleta bihurtzen duen metamorfosia gu guztion bizitzaren metafora bat da: laster hegan hasiko den ‘neskato-krisalida’ igartzen hasi da iristen ari zaiola bere bizitzaren lema hartzeko unea, eta, tximeleta baten tankeran, bizitzaren intentsitate laburraz gozatzeko prestatzen da. Gero eta argiago ikusten baitu ez duela beste eternitaterik ezagutuko».

HARRERA


«Tximeleten eternitatea» eleberriak Estatu frantsesean «arrakasta» izan duela esan zuen Alberdaniako editoreak. Kritikak ondo hartzeaz gainera, 2015ean Irakurleen Sarirako izendatua izan zen liburua.

HITZAK


Labastieren iritziz «hitzen bidez errealitate oso bat distortsiona daiteke, eta liburua erreminta bat da zentzu horretan, soilik hitzak erabilita errealitatearen bestelako ikuspegi bat ematea, distortsionatzea, doktrinatzea posible dela erakusten duelako».