GARA
BILBO

Euskotreneko langileak kexu dira jasan ohi dituzten erasoak direla eta

Bere jardunean ari zela, Euskotreneko langile bati eraso zioten joan den ostegunean. Enpresako batzorde iraunkorrak eraso hori eta treneko langileek pairatzen dituztenak gaitzetsi zituen atzo, Bilboko Otxarkoagako geltoki parean egin zuen elkarretaratzean.

Euskotreneko batzorde iraunkorrak langileen aurkako erasoak salatu zituen atzo Bilboko Kepa Enbeita plazan, Otxarkoagako geltoki parean, egindako elkarretaratzean. Oroitu zutenez, joan den ostegunean langile bati eraso zioten bere jardunean zela. Ez zen kasu bakana izan. Enpresako batzorde iraunkorrak azaldu zuenez, treneko langileek hainbat motatako erasoak jasan ohi baitituzte.

«Jendaurrean beren lana egiten duten Euskotreneko langileek (kontu-hartzaileak, garbiketako langileak, gidaritza agenteak, bezeroen arretarako bulegoetako langileak…) erabiltzaileei laguntza emateko eta garraio publikoaren erabilera zuzena bermatzeko egiten dute lan», azpimarratu zuten kontzentrazioan. «Guztiz onartezina da beren lana egiteagatik hainbat langilek isekak, mehatxuak edota erasoak pairatu behar izatea».

Horrelako jarrerak «gutxiengo batek» izaten dituela kontuan hartuta ere, kezka agertu zuen batzorde iraunkorrak. Harremanek gizabidean eta errespetuan oinarritu behar dutela aldarrikatu zuen.