GARA
DONOSTIA

Intxaurrandieta: «Bazekiten behar zituzten hondakinen erdiak besterik ez zituztela»

Atseden hartu du EH Bilduko Ainhoa Intxaurrandietak, Estatuko Kontu Auzitegiak, berriz ere, zuzen jokatu zutela ebatzi ondoren. Pozik dago erraustegi hura neurriz kanpokoa zela berretsi duelako.

NAIZ Irratian mintzatu da Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) arduradun nagusi izandakoa eta EH Bilduko kidea, Espainiako Kontu Auzitegiak bera eta Iñaki Errazkin errugabe jotzen dituen epaia plazaratu ondoren. Lehenik eta behin, lasaitua hartu duela aitortu du, ez baitzen makala gainean zuten mehatxua: 45 milio euro bizkarreratu nahi zizkieten biei. «Odola egitera joan dira, min egitera», salatu du Intxaurrandietak.

Lasaituari poza erantsi dio, Kontu Auzitegiak Bilduko ordezkariek geldiarazi zuten erraustegi proiektua gaindimentsionatuta zegoela adierazi duelako berriz. Oroitu duenez, «behar zen hondakin kopuruaren erdia baino ez zegoen Gipuzkoan, gainerakoa kanpotik ekarri beharko zuten, eta hori bazekiten kontratua sinatu aurretik».

Ondorioz, auzipetuta egon diren arren, berak eta Errazkinek ez zutela diru publikoa modu txarrean erabili, kontrakoa baizik, nabarmendu du Intxaurrandietak. Eten zuten kontratu hark «11 milioi euroko galerak eragingo zituen 20 urtetan zehar», esan du, eta pozik hartu du «guk genekien hori orain auzitegi batek berrestea».

2018ko urrian ere beraien alde egin zuen Espainiako Kontu Auzitegiak eta, hala ere, helegitea aurkeztu zuen EAJ eta PSEk kudeatzen duten GHK-k: «Ez da ulergarria –salatu du Ainhoa Intxaurrandietak–. Odola egitera joan dira, ‘heriotza zibila’ ezartzera, mendeku gosez».

Hiru arrazoi

Auzia orokorrean aztertuta, hiru helburu ikusten ditu Ainhoa Intxaurrandietak erasoaldi judizialaren atzean. Batetik, mezu hau helaraztea: «Gure negozioa ez ukitu». Bigarrenik, «akaso, beste behin gobernatzera iristen bagara gauza batzuetan ezin garela sartu aditzera ematea». Eta azkenik, «mendeku pertsonala».

Ikusteko dago, hala ere, nola jokatuko duten orain EAJ eta PSEko agintariek. GHKko zuzendaritzak herenegun bertan aipatu zuenez, fiskalizazio erakundearen bidez 45 milioi horiek inputatzeko ahaleginak porrot egin badu ere, auzitegien bitartez saiakera bera egiteko aukera dago oraindik, EAEko Auzitegi Nagusiak Bilduko ordezkarien kontra hartutako beste erabaki batetik tiraka.