Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Itzal marra» interbentzio bikoitza aurkeztu du San Telmon Ibon Aranberrik

Museoetako bildumei bizia eman eta horien gaineko berrirakurketak ahalbidetzeko sortu zuen orain urtebete San Telmo museoak Museo Bikoitza programa. Ekimen horren baitan aurkeztu du Ibon Aranberrik «Itzal marra», San Telmon eta San Telmorako pentsatutako interbentzioa. Artistak urtebete egin du museoko barrunbeak arakatzen, eta oroitarriak eta antigoaleko apalategi bat erabili ditu museoko funtsean geratuko diren artelan berriak sortzeko.

San Telmotik abiatuta eta San Telmorako propio egindako esku-hartze bikoitza da “Itzal marra”, Ibon Aranberri artista debarraren lan berria. Orain urtebete museoak berak sortutako Museo Bikoitza programaren barruan aurkeztu du Aranberrik proiektua eta, museoko zuzendari Susana Sotok azaldu duenez, ekimenaren helburua museoez, zentzu zabalenean, gogoeta egitea da, hasi eraikinetik bertatik, pasa bildumatik eta museografiaraino.

«Lehen edizio honetarako Ibon Aranberrik interbentzio bikoitz bat sortu du, museoko funts lekualdatuetatik sortutako material eta estratuez osatua. Batetik, biltegiratze-sistema gisa eskuz egindako egitura bat berreraiki du eta, bestetik, aurkitutako gainazaletako idazkunen gainean sortutako kalkoen bilduma oso bat aurkezten du», zehaztu zuen Sotok. Lehen interbentzioa museoko klaustroan ikusi ahalko da urtebetez, eta bigarrena, Oroitarrien Biltegian, elizako atrioaren ondoan.

Museo Bikoitza programa sortzeko akuilua 2014an Asier Mendizabalek San Telmon aurkeztu zuten “Soft Focus” lana izan dela ere ekarri zuen gogora Sotok. Artista ordiziarrak museoaren bildumaren zati den Sigfrido Koch-en argazki-inbentarioa erabili zuen museo baten ondareak zenbat kontakizun eta interpretazio ezberdin izan zitzakeen erakusteko.

Helburu horri heltzen dio Museo Bikoitza programak eta, horrekin batera, Aranberrik osatu dituen esku-hartzeek. Artistak berak azaldu zuenez, proiektu batek eskatzen duen metodologia eta antolakuntzatik urrundu eta esplorazioa izan zuen lanok osatzeko abiapuntu. «Museoan murgildu nahi izan nuen, ibili, zero puntura iritsi». Hala, museoak erakusleku izateaz batera obren biltegi eta laborategi ere badirela –edo izan direla– ondorioztatu eta San Telmoren kasuan eraikina bera komentu eta ospitale ere izan zela gogoetatu zuen. Hala, iraganera itzulita, biltegietan oroitarri mordoa zegoela ikusi zuen, gehienak San Telmotik gertu dauden Santa Maria eta San Bizente elizetakoak, eta horiek baliatzea erabaki zuen. «Ondarea aurkitu eta biltegiratu egiten da normalean, baina oroitarri hauek hemen zeuden, zapaltzen dugun lurrean, eta artelan bilakatzea interesgarria iruditu zitzaidan», esan zuen Aranberrik.

Guztira 130 oroitarri edo oroitarri-zatiren kalkoak egin ditu, teknika ezberdinak erabilita, eta horiekin osatu du Oroitarrien Biltegia.

Bigarren esku-hartzea klaustroan ikus daiteke; biltegietan materialak pilatzeko erabiltzen zuten apalategietako bat eraldatu du Aranberrik. «Garai batean ez zegoen argi zer zen biltegia, zer espazio publikoa... Denborarekin museoek beste autokontzientzia bat hartu dute, materialen inguruan apalategiak, armairuak... sortu dira, beste garrantzi bat hartu dute eta materialekin genuen harreman zuzena galdu eta hurbilketa hori kodetzen duten mekanismoak eraiki dira». Horregatik, obra honi «edukiontzi baino eduki zentzua eman nahi izan diot».

Bi interbentzioak urte oso batean zehar egongo dira San Telmo museoan ikusgai, eta gero museoaren bildumaren zati izatera igaroko dira, Sotok nabarmendu zuenez. Iragarpen bat ere egin zuen: Aranberri izango da San Telmon hurrengo interbentzioa egiteko artista berri bat gonbidatuko duena, eta haren izena «egun gutxiren buruan» jakinaraziko dute.