Maite UBIRIA BEAUMONT
HENDAIA

G7ak duen «zilegitasun falta» agerian jarri dute Hendaian

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta plataformak eta Kapitalari Planto! herri ekimenak sustaturik, heldu den abuztuan Biarritzen bilduko den G7 taldeak garatzen dituen politiken ondorioei buruz hausnartzeko jardunaldia antolatu zuten atzo goizean Hendaian.

Hainbat sindikatu eta gizarte eragilek osatzen duten Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta plataformak eta Kapitalismoari Planto! herri ekimenak jardunaldia antolatu zuten atzo goizean Hendaiako Antoine d’Abadie auditoriumean. Bertan, hitzordura hurbildu ziren hamarnaka lagunek, ATTAC talde altermundialistako partaide Cuca Hernandezek eta Latinoamerikan sorturiko Multinazionalen Behatokiko ikerlari Gonzalo Fernandezek plazaratutako gogoetak partekatzeko parada ukan zuten.

Jardunaldiari amaiera emateko, G7 Ez! plataformak abian eman duen kanpaina babestu duten aipatu bi ekimenetako ordezkariek protesta bat egin zuten hondartza aldera. “Bizitza burujabe eskubide osoz” leloa idatzita zuen pankartaren gibelean, munduko zazpi herrialde aberatsenen taldeak ordezkatzen duen globalizazio neoliberala salatu zuten. G7ak hauspotzen duen ereduak sortutako kalteak «anitz badira ere», Amaia Muñoa ELA sindikatuko idazkari nagusiaren ondokoak bi nabarmendu zituen hedabideen aurrean: «berdintasun eza eta demokrazia eza». Muñoak nabarmendu zuenez, «politika neoliberalak berdintasun falta du oinarri eta desberdintasunak indartzen ditu». Demokrazia ezari dagokionez, G7 taldearen baitan «zilegitasun demokratikorik ez» dagoela agerian utzi zuen, eta, horren aurrean, «bestelako politikak» garatzea posible dela defendatu zuen.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren sinatzaileek zein Kapitalari Planto! herri ekimeneko bultzatzaileek atzoko jardunaldiaren amaieran aurreratu zutenez, abuztuaren 24tik 26ra Biarritzen egingo den G7ko goi bileraren aitzinean «erresistentziaz gain proposamen alternatiboak ere» jarriko dituzte mahai gainean. Biarritzen milaka diplomatiko eta kazetari bilduko dituen goi bilerak utziko dituen ustezko onurak ere gezurtatu zituzten Hendaian bildutako eragileek. «G7ak ez du alde onik, ez munduaren beste puntan biltzen denean ezta Euskal Herrian biltzen denean ere», adierazi zuen irmo Muñoak.

Ondorio ilunak

G7aren eskutik «pribatizazioa, merkantilizazioa, prekaritatea, diskriminazioa eta etorkinei begirako politika hilgarriak» garatzen direla ere ohartarazi zuen Muñoak. Era berean, «pertsonengan ondorio kaltegarriak dituzten politikak inposatu ahal izateko autoritarismoa» beharrezkoa duela G7ak ere azpimarratu zuen, eta goi bileraren egunetan «manifestazioak debekatzea» horren adibidetzat jo zuen.

Ildo beretik, Edurne Larrañaga LABeko ordezkari eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren koordinazio guneko kideak multinazionalen bitartez kapitalismoak duen ardura gogoratu zuen, «hala nola krisi ekologikoari begira». Salatu zuenez, kapitalismoa berrasmatzeko xedez, «klase berekoen artean gerrak eta baliabide naturalen desagerpena» dakartzaten akordioak hauspotzen ditu G7ak. Horren aurrean «burujabetza soziala ardatz izanen duen alternatiba» sustatzeko beharra defendatu zuen.