GARA
BEASAIN

Gidaririk gabeko 43 tren egingo ditu CAFek Londreserako

CAFi esleitu diote Transport for London (TfL) enpresak kudeatutako Docklands Light Railway (DLR) linearako 43 treneko flota diseinatu, fabrikatu eta hornitzeko kontratua. Unitate moderno horiek bost bagoikoak izango dira eta CAFen «metro-ibilgailuen diseinu arrakastatsuan» oinarrituko dira. Bidaiariei zerbitzua ematen 2023an hastea espero dute.

Beasaingo konpainiak ohar batean jakinarazi duenez, egingo dituzten trenetatik 33k gaur egun DLRk dituen unitate zaharrenak ordezkatuko dituzte (ia 30 urte dituzte). Beste 10 unitateri esker, linearen edukiera eta maiztasuna areagotuko dituzte.

Tren berriek hobekuntzak ekarriko dituzte; bidaiaren informazio bisuala eta audio bidezkoa denbora errealean emateko teknologiarik aurreratuena, aire girotua eta gailu mugikorrak kargatzeko puntuak, adibidez.