Joseba SALBADOR
HIL

Gozogintza ez ezik, euskal sustraiak maite zituen gizona

Gozogintzari eskainitako munduko lehen museoaren bultzatzaile, «Xaxu» pasteltxo ezagunen sortzaile, euskal gastronomia eta tradizioen ikertzaile... Hori eta askoz gehiago zen Joxe Mari Gorrotxategi Pikasarri tolosarra.

1929ko martxoaren 24an jaio zen Tolosako Kale Nagusian, eta 12 urte zituenerako larunbatetan laguntzen zuen gurasoen txokolategian, harremanetarako oso atsegina zelako. Handik bi urtera obradorean hasi zen.

Baina Joxe Mari Gorrotxategi sekula ez zen izan geldirik egoteko pertsona. Lehenbizi Donostiara, gero Biarritzera, ondoren Iruñera... Gazte-gaztetatik hasi zen batera eta bestera, gozogintzaren inguruko ezagutzak aberasteko asmotan.

Denbora gutxian, sari garrantzitsuak irabazi zituen eta “Euskal Gozogintzaren Historia” liburua idatzi zuen, euskal etnografiari ekarpen garrantzitsua egin zion lan handia, Jose Migel Barandiaran antropologo handiaren hitzetan.

Haren liburuak irakurriz, hain zuzen, hasi zen Joxe Mari euskaldun kontzientzia hartzen. Behin baino gehiagotan esana zuen: «1950eko hamarkadan zeharo zapalduta zegoen euskaldun kontzientzia, ez zuten eskolan ezer erakusten, libururik ez zegoen…». Baina berak Barandiaranen “Anuarios de Eusko Folklore” liburuak eskuratu zituen, eta irakurtzen hasi zenean konturatu zen «herri baten historia ez dela soilik erregeen edo agintarien bizitzaren kontakizuna, baizik eta gizartearen egunerokoa, lana, ohiturak…». Eta horien artean, nola ez, elikagaiak eta gozogintza.

80ko hamarkadan, Barandiaranek piztutako kontzientziari esker, Konfiteriaren Museoa zabaldu zuen, 400 pieza baino gehiago biltzen zituen munduko lehen museoa –lanbide honen hastapenetatik argindarra iritsi zen artekoak–. Mundu osoko piezak ez ezik, gurasoen obradoreko tresnak ere bildu zituen, berriagoak jartzean jaso egiten baitzituen zaharrak.

Gozotegiko obradorean ere gogor aritu zen lanean Joxe Mari Gorrotxategi eta zerbaitegatik ezaguna egin bazen, almendra, azukre eta gorringoz egindako «Xaxu» pasteltxo ezagunengatik izan zen, baina baita txokolatezko turroiengatik ere.

Erretiroa hartu ondoren, Donostiako Antigua auzora joan zen bizitzera eta bere semeen esku utzi zituen bizitza osoan ikasitako sekretuak. Bere azken agerraldi publikoetako bat 2015ean izan zen, Basque Culinary Centerrek Ohorezko Gozogintza Maisu izendatu zuenean.

Baina gozogintzaz aparte, lehen esan dugun bezala, Euskal Herriaz eta bertako ohiturez maitemindutako pertsona zen, eta sarritan parte hartzen zuen prentsa, irrati eta telebista saioetan kolaboratzaile gisa. Tolosako Udaleko alkateorde ere izan zen eta, berak emandako bultzadari esker, gerra ondorengo lehen Udal Ikastola sortu zen.

Hizketarako zuen zaletasuna dela eta, asko eta asko dira bera pertsonalki ezagutu zutenak, eta horietako asko elkartuko dira azken agurra ematera gaur, arratsaldeko zazpietan, Tolosako Santa Maria parrokian egingo den hileta elizkizunean. Zaude goian, Joxe Mari.

Honi buruzko guztia: HIL