2019/06/13

Gurasotasun baimenak ezarriko ditu Lakuak, sindikatuek baztertu arren

Lakuak 18 hilabeteko gurasotasun baimen berriak jarriko ditu martxan datorren irailaren 1etik aurrera 70.000 langile publikoentzat, nahiz eta sindikatu gehienek proposamenari uko egin. Mahaia bere intereserako erabili nahi izatea leporatu dio Gobernuari LABek, eta negoziatu nahi ez izatea, aldiz, ELAk.

GARA|GASTEIZ
0613_eko_zearreta

Irailaren 1etik aurrera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Administrazio Publikoan lanean ari diren 70.000 pertsonek guraso izatean 18 aste libre hartzeko eskubidea izango dute, %100 ordainduta eta baimena beste norbaiti pasatzeko aukerarik gabe.

Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeak «proposamen aitzindaria» dela nabarmendu zuen atzo, mahai orokorraren bileraren ondotik. «Errespetuzkoa da gaur egun bizi ditugun gizarte eta familia errealitateekin», erantsi zuen. Bi helburu nagusi dituela azaldu zuen: «Langile publikoen kontziliazioari bide ematea» eta «familia eredu guztiak errespetatzea. Hala, baimena berdin eman nahi diegu bikotekide biei, sexua edo gurasotasunaren motiboa gorabehera: jaiotza, adopzioa, familia-harrera, subrogazioa...».

LAB mahaitik altxatu zen

Sindikatu gehienek, ordea, ez zuten Lakuaren proposamena ontzat hartu. LABek eta ELAk elkarretaratze bana egin zuten egoitzaren aurrean protesta gisa. «Gobernuak mahai orokorra propagandarako eta bere intereserako erabili nahi badu, ez diogu zilegitasunik emango», adierazi zuen LABek, eta mahaitik altxatu zen.

Atzo bilera egin arren, Gobernuak neurria martxan jartzeko erabakia aurretik hartuta zuela kritikatu zuen sindikatuak. «Oso garrantzitsua da lan munduan ere ikuspegi feminista txertatzea. Ezinbesteko ikusten dugu lan erreproduktiboaren aitortza egitea eta, ondorioz, zaintza lanei beharrezkoa duten balioa ematea», agertu zuen.

Bide horretan klausula feministak proposatu ditu LABek. Horren adibide da Enplegu Publikoaren Legearen aurreproiektuari egindako ekarpen sorta, «Gobernuak jaso ez zuena».

ELA: «Oso motz geratzen da»

ELAren iritziz, gurasotasun baimenaren eskubidea bermatzeko ezinbestekoa da Lakuan dagoen «enplegu prekaritatea amaitzea eta berdintasun politika errealak egitea». Gobernuaren «borondaterik eza aldatzeko mobilizazioak» behar direla gaineratu zuen. Sindikatu honentzat, zaintzaren «erantzunkidetasuna sustatzeko aurrerapausoa» da baimena, baina «oso motz geratzen da beste neurri batzuk hartzen ez badira».

«Sektore batzuetan lizentziak edo baimenak hartzeko izugarrizko arazoak daude plantilla eskasa dela-eta edo ordezkapenik egiten ez delako. Bestetik, hiru langiletik bat behin-behinekotasun egoeran egonda ezinezkoa da eskubide hori ziurtatzea», ohartarazi zuen. Behin-behinekotasunean daudenen %75 emakumezkoak dira, eta hori amaitzeko kontsolidazio prozesuak abiatzeko eskatu zion ELAk Lakuari.

CCOOren ustez ere «erabat populista da» Lakuaren proposamena. Bileran beste neurri batzuk ez negoziatzea –«zorraren aitorpena edo behin-behinekotasun altua» kasu– «adar-jotzea» da berarentzat.

LANA EGONKORTU


ELAk enpleguaren inguruan hitz egiteko prestasuna eta 40.000 langile horien egoera egonkortzeko proposamena helarazi dio Gobernuari.