Ariane KAMIO
DONOSTIA

Karlistaldiaren ertzetatik

Agosti Xaho idazlearen bi testu berreskuratu dituzte Nevadako Unibertsitateak eta Zumalakarregi Museoak ale bakar batean. Zehazki, idazle, filosofo eta politikari atharraztarrak Lehenengo Karlistaldi betean idatzitako bi obra dira argitaratu direnak.

Zumalakarregi Museoak, Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroarekin elkarlanean, Agosti Xaho (Atharratze, 1811-Baiona, 1858) idazlearen bi testu argitaratu ditu “Escritos sobre la Primera Guerra Carlista: Palabras de un vasco. Viaje a Navarra” liburuan. Bi testu dira lan horretan batu direnak, eta biak ala biak Lehenengo Karlistaldi betean idatziak izan ziren. Edizioaren ardura Xabier Irujo historialariarena izan da eta liburuak –euskaraz eta gazteleraz idatzitakoa– Patri Urkizuren hitzaurrea ere badu.

Lehen testua, “Paroles d’un Biskaïen”, Parisen 1834an argitaratutako idatzi laburra da eta euskaldunen askatasunaren aldeko borroka aldarrikatzen du, Karlistaldiaren sakoneko arrazoiak ulertzeko. Bigarrena, aldiz, Euskal Herriari buruzko eleberri erromantikoaren gailurra da, “Voyage en Navarre pendant l’insurrection des Basques (1830-1835)”, Parisen 1836an argitaratua. Bertan, Karlistaldi bete-betean Nafarroara egindako bidaia kontatzen du, Tomas Zumalakarregiren irudi erromantikoa eskainiz.

Argitalpen honek badu, ordea, aurrekaririk. Zumalakarregi Museoaren eta Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroaren arteko elkarlanaren bigarren emaitza da atzo Donostiako Koldo Mitxelenan aurkeztutakoa. Izan ere, 2015ean Fredereick Henningsenen “The Most Striking Events of a Twelvemonth’s Campaing with Zumalacarregui in Navarre and the Basque Provinces” argitaratu zen.

Zumalakarregirekin

Argitalpeneko lehenengo zatia, “Paroles d’un Biskaïen”, testu labur bat da eta bere itzulpen mekanografiatua Koldo Mitxelenako fondotik erreskatatu dute orain.

Bigarrena, ordea, Xahok berak Nafarroara egindako bidaia baten kontaketa da, euskal erromantizismoaren gailurra litzatekeen nobela, hain zuzen.

Zumalakarregi Museoko zuzendari Mikel Alberdiren arabera, Agosti Xahok eskaintzen duena Lehenengo Karlistaldiaren interpretazio desberdina da. «Bere iritziz karlistak dira guda horretako euskaldun bakarrak, nahiz liberalen artean euskaldunak ere baziren. Berak ere bere burua euskalduntzat jotzen duenez, karlisten alde egingo du», nabarmendu zuen.

Ikuspegi bitxia, izatez, Xahok berak bere burua ezkertiartzat, errepublikartzat eta antiklerikaltzat baitzeukan.

Baionatik Lekunberrira, ikusten duen ororen irakurketa erromantikoa egiten du Xahok nobelan, batez ere Zumalakarregiren irudiari dagokionez. Eleberriaren amaieran ere Zumalakarregi berarekin izandako elkarrizketa bat agertzen da, Alberdiren ustez ziur aski asmatua izan zena. «Ez da ziurra elkar ezagutu zuten edo ez. Liburu amaieran Zumalakarregirekin izandako elkarrizketa bat idatzi zuen, baina suposatzen da asmatua dela». Izan ere, Alberdik gaineratu zuenez, litekeena da Xahok Zumalakarregi ezagutu ez izana, edo hura ezagutzeko aukerarik ez izana, bere pentsamendu errepublikar, ezkertiar eta antiklerikalagatik.