Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren gauak

Kaleetan jipoi, bortxaketa eta heriotzak gauean. Batzuek pentsatzen dute ilunpetan egiten diren barrabaskeriak merkeagoak direla. Taldeka edo multzoan ibiltzen diren gautxori batzuen nortasuna aldatu egiten da; jarrerak multzoaren babesera eramanda, nortasunak desbideratzeko arriskua hartzen du. Maiz, gizabanakoak multzoaren itzalean bilatzen du gordelekua ekintzak zuritzeko, zama guztien artean banatu edo arintzeko. Ekintza ezin da banatu, ezta dakartzan ondorioak ere. Zamak ezin dira arindu. Identitate kontrajarriak egon daitezke pertsona berberagan, baina ezin zaio identitatea kendu ekintzari. Ba al dago atzamarkada goxorik? Hildakoa esnatzerik? Bortxatua “desbortxatzerik”?

Arauak apurtzeko daude. Diseinu finkorik ez dago, bizitza leherketaz josita baitago. Betiko den pentsamendua ukatuko nuke. Eta ekintza betiko da. Zergatik dago zerbait ezerezaren aurretik? Ideien nomadismoa bultzatzera goaz arimen aizkolariak izanez beti agerian ez geratzeko. Teknikak ikasi eta teknika berberak apurtu, bizitzaren estasiaren bidea jorratzeko. Inor izorratu gabe. Mapa egokiena norberaren gorputzean aurkituko dugu; alda dezakegu nahi dugun adina, egin, desegin, eraiki, bideratu, desbideratu, baina modu kontzientean. Praktikaren arabera egiten diren ekintzak dira. Gauak ez garamatza beti haren bukaeran esnatzera. Erne bizitzeko unea da une oro. Jakitun egindakoaz. Batbedera da norberaren gaueko zaindaria.