2019/06/13

Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
«Navarra Ferraz y española»

Foral» hitzaren esanahiak dakarren autonomia galera ez da txantxetako kontua; baina, akaso, egunotan umorea darabilgu, nahiz eta egoera honek guztiak eragiten digun tristezia, amorrua, haserrea eta frustrazioa sendatuko ez digula ondo jakin.

Foruak tradizio dira, baina nafarrek hiru ohitura omen dituzte, azken asteotan sare sozialen bidez zabaldutako txio baten arabera: urteroko sanferminak, bi urtetik behin Osasuna lehen mailara igotzea eta lau urtetik behin PSNk gobernua UPNren eskuetan uztea.

Tradizioak tradizio izateak, baina, ez dakar halabeharrezko zilegitasuna, nahiz eta justu hori izan afera honen zioa; zilegitasuna. Beren burua moralaren zaindari izendatu dutenek politikagintzan parte hartzeko eskubideak banatzeari ekin diote eta eskumenik gabe utzi dute bere estatutuetan bortizkeriari argiki uko egiten dion koalizio bat, ordezkapen handikoa; aldiz, demokratikotasun labela eman diete hemendik kanpo gorroto delituak defendatzen dituzten alderdiekin hitzarmenak egiten dituzten taldeekin batzen direnei.

Foralitatearen eta bere mugen irakurketa ezberdinak ditugun herrialdean ere, erregimen honen defentsa irmoa egitea izan da beti gehiengoaren asmoa, baina hau ere kolokan jarri duzue, berriz ere, eta nire botoak nire iritziak adina axola dizuela dakidan arren, nik sekula ez diot utziko horiek irmoki defendatzeari.