Andres OSA «SAKONA»
HERRI KIROLAK

Etxaurin, Asteasun, Elgoibarren eta Ereñotzun, txapelketak

Heldu den igandean, 13.00etan, jokatuko da urtero egiten den txapelketa 136,50 kiloko Etxauriko harri baldarrarekin. Bertan parte hartuko duten harri-jasotzaileak hauek dira: Goenatxo III.a, Jokin Eizmendi, Iban Ugartemendia, Aimar Irigoien, Albaro Zugarrondo eta Xabier Aranberri Guzta. Txapelketa hau urtetik urtera ospe handiagoa hartzen ari da.

Bestalde, Asteasun, Gipuzkoako Sega Txapelketako kanporaketak jokatuko dira, Bulano baserriko zelaian. Bi multzotan banatuta, 11.30ean lehendabiziko txandan neurtuko dira Julen Gabirondo, Suharri Iraszustabarrena, Mikel Lejarza eta Jon Otegi. 12.30ean beste hauek: Jesus Mari Ormaetxea Urki, Iban Pardo, Jokin Etxeberria, Arkaitz Arteaga eta Jokin Urretabizkaia. Txanda bakoitzean ordu erdiko denbora izango dute.

Larunbatean 13.00etan Elgoibarko udaletxeko plazan Euskadiko Emakumezkoen Trontza Txapelketa ikusi ahal izango da. Parte hartuko duten bikoteak Itxaso Onsalo-Leire Astiazaran (Nafarroa), Ainhoa Iraizoz-Maria Iraizoz (Nafarroa) eta Ainitze Perez-Iraitz Idoeta (Bizkaia) dira. Lana 45 ontzako enborrei 10 epai ematea da.

Igandean, 16.30ean, Ereñotzun Gipuzkoako Bigarren Mailako aizkolarien kanporaketa jokatuko da. Parte-hartzaileak: Jokin Alkizalete, Julen Aranberri, Aritz Azpiazu, Borja Fernandez, Manu Fraile, Jon Irazu, Aratz Mugerza, Jesus Mari Mujika, Xabier Orbegozo, Suharri Rodriguez, Luis Mari Txapeltegi, Aitor Urteaga eta Xabier Zaldua. Lana, bi kana-erdiko eta beste 60 ontzako bi pago enbor ebakitzea.

Larunbatean eta astelehenean Elgoibarren Uztarri Motzeko Idi-demak izango dira 22.00etan.