Andres Osa «Sakona»
Elkarrizketa
XABIER ZALDUA
AIZKOLARIA

«Hamarreko kubikoa serioa da; ez da erraza kirol guztietan konpletoa izatea»

Marka saiakera gogorra egingo du Xabier Zalduak (Zumarraga, 1978) ekainaren 22an, Azpeitiko zezen plazan: hamar arroako harri kubikoari 25 jasoaldi eman, sei oinbiko moztu eta sei kilometro korrika egin plazari biraka. Kataolazak aspaldi jarritako marka Arria II.ak ondu zuen gerora, 75 minutu eta 33 segundoko denborarekin. Zaldua hori hautsi eta berria jartzen saiatuko da.

Xabier Zaldua kirolari ezaguna da desafio munduan, baina oraingoan bakarka marka saiakera egiteko helburua ipini dio bere buruari, ekainaren 22an, 19.00etan.

Nola etorri zaizu burura Kataolazak egin zuen marka ontzeko tentazioa?

Orain bi urte Arria V.ak eta biok hitz egin genuen ea erronka horri helduko genion. Nik proba batzuk egin nituen 125 kiloko harri kubikoarekin eta nire aldetik baiezkoa eman nuen; posible ikusten nuen Arria eta bion arteko apustua egitea. Baina une hartan beste asmo batzuk zituen Arriak, eta neronek bakarrik, Kataolazak eta ondoren Arria II.ak, Jose Inaziok, ondutako marka egitea edo behinik behin saiatzea erabaki nuen.

Harriarekin ezohiko lana egin beharko duzu.

Hamarreko kubikoa gauza serioa da eta kirol guztietan konpletoa izatea ez da erraza izaten. Niretzako harria da zailena. Korrika eta aizkoran ibili naizenez kontu serioa harri-jasotzea da.

Zuretzat ez al da hobe, eta jendearentzat ere bai, lan hori beste baten aurka egitea?

Ez dut aurkitu kontrariorik. Batzuekin hitz egin dut ea norbait animatzen zen eta ez dut aurkitu gogo hori asetzeko inor, eta azkenean bakarrik egitea erabaki dut. Ilusioa egiten didan lana da eta ea animatzen den baten bat ondoren.

Zuk horrelako edo antzeko lan gogorrak hartu izan dituzu. Oraingoa gogorrena ote?

Lan gogorrak egin ditut, baina harri kubikoa tarteko denean exijentzia bikoiztu egiten da. Gogoratu behar da marka hau eginaz Kataolaza hasi bazen ere gerora izan direla izen handiko kirolariak marka hori ondu dutenak; besteak beste, aipatu dugun Arria II.a. Ehunetik ehunean joaten banaiz posible dut marka ontzea.

Nortzuk izan dira balentria hori egiten saiatu direnak?

Zazpi aritu dira eta egindako markak honela daude: Jose Inazio Orbegozo “Arria II.a”-k 75 minutu eta 33 segundo behar izan zituen. Joxemari Olasagastik, 76:26; Nemesio Arregik, 80:59; Joxe Mari Mendizabalek, 84:24; Tomas Astigarragak, Madarixa auzoko Kataolaza baserrikoak, aurrenekoz marka egiteari hasiera eman zionean, 87:14ko denbora egin zuen. Beste saiakera batean, 104:24 behar izan zuen. Zazpi horietatik bik, Kortak eta Hondartzak, lana bukatzeke laga zuten. Arriskua hor dago. Zazpi horiek izen handiko kirolariak izan dira. Ni ahaleginduko naiz horiengana gerturatzen, eta ahal bada marka berria ezartzen.

Marka horiek elkarren aurka, desafioan, egin ziren...

Hori esan behar nuen. Gauzak garbi esatea gustatzen zait eta argi utzi behar da aipatu ditudan kirolari handi horiek apustua egitera joan zirela eta ez marka egitera. Oso desberdina da soilik apustua egitera joatea. Hori aitortu beharra dago, ezer disimulatu gabe. Bakarka saiatu izan balira, denbora hobean egingo zuten, seguru asko. Nik kontrariorik aurkitu ez dudanez, bakarka marka egitera noa.

Prestakuntza aspalditxotik hasita?

Bueno, bost bat hilabete hasi nintzela. Orain buru-belarri ari naiz horretan. Prestakuntza ziurtatu dudanean jarri dut marka egiteko eguna, data.

Zer dela-eta Azpeitiko plaza?

Niri korrika egiteko Tolosakoa baino gehiago gustatzen zait eta horrexegatik da.

OHARRA: Zalduaren saiakerarekin batera, Estibaliz Urrutia korrikalaria ere beste marka bat jartzen saiatuko da; kasu honetan plazan korrika 5.000 metroan. Urrutia Munduko Txapelketetan maiz parte hartu duen atleta bilbotarra da. 5.000 metroko Euskadiko errekorra, adibidez, berea da. Baina oraingoan zezen plazan biraka bere ibilbide aberatsari beste ale bat ezarri nahi dio. Zalduak harri-jasotzeko lanak burutu eta oinbiko pago enborrak mozten hasten denean, zehazki aurreneko enborraren erdia egiten duenean, abiatuko da Estibaliz korrika aipatu bost mila metroak egitera. Ikuskizuna ikuskizunaren gainean, eta pizgarri bat gehiago ikusleak Azpeitiko plazara hurbiltzeko.

Jose Antonio GISASOLA «ZELAI»

 

«Nire eskuetatik ez da pasatu hau bezala prestatzen den kirolaririk»

Harriarekin egin beharreko lana da, agian, Zalduari gehien kostako zaiona, aizkoran eta korrikan zaildua baitago. Harriarekin laguntzen Jose Antonio Gisasola “Zelai” handia izango du alboan Zumarragakoak, aholkulari bikaina. Hementxe bere iritziak.

Zelai, zer moduz dabil zure apopiloa?

Lagunduko nion galdetu zidanean, Pentatloia egin berria zen eta mutila hain animoso ikusi nuenean, ohartarazi nion, hartu behar duena lan gogorra dela, sufrimendu asko eskatzen duena. Itsu-itsuan heldu behar zaionik ez nion gomendatu, zortzi arroako harri kubikotik hamarrekora tarte handia baitago.

Eta aurrerabidea eman zenion?

Zaldua ezagutzen dut. Askori esaten aritu naiz, nire eskuetatik hau bezala prestatzen den kirolaririk ez da pasatu. Sufritu asko, nik neure buruari eskatzen niona neurriz kanpokoa izaten zen, baina Xabierrek kanporatzen duen animoa jalgitzea merezi du. Gizon honek zehaztasun guztiak ongi lotuak ditu. Harriarekin ni, laguntzailea aizkoran, korrikarako, masajista, fisioterapeuta, medikua, dietistak... denak ditu alboan. Ez dut horrelakorik ikusi. Marka egiteko data jartzeko ere zehaztasun zorrotza erabili du, argi jokatu du; hau da, prestakuntza gailurrera eraman duenean, hain zuzen. Mutil hau zezen plazan lanean ikustea merezi du.

Marka berririk izango dugu?

Nik harri kontua daramat, bere lan zailena baita. Eta oso ondo ikusten dut.A.O.