GARA
DONOSTIA

Goia alkate berrautatu dute Donostian

Ez zegoen ezusterako tarte handirik, eta ez zen halakorik izan; Eneko Goiak karguari eutsi, eta Donostiako alkate izaten jarraituko du. Maiatzaren 26an hautagai jeltzalea atera zen garaile udal hauteskundeetan, eta atzo bere alderdiaren botoez gain PSErenak ere eskuratu zituen, hamabost orotara. Erabateko gehiengoa, beraz, 27 ordezkari dituen udalean.

Aurreko legealdian bezala, EAJk eta PSEk osatuko dute Gipuzkoako hiriburuko udal gobernua, baina orain lehenengo alderdiak pisu handiagoa du, hamar zinegotzi eskuratuta bere bazkidearenak bikoiztu baititu. Datozen egunetan iragarriko da gobernuaren osaketa, eta zein ardura izango duen alderdi bakoitzak. Bestetik, hauteskundeetan bigarren indarra izanik, Reyes Carrere buru duela EH Bilduren udal taldea izango da oposizioko buru.

Bizikidetza sustatu

«Azken lau urteetan egin dugun bezala, donostiarrak izango dira gure kudeaketaren ardatza. Esku artean ardura handia dugu: guztion artean hiri hobe bat egiten jarraitzea», esan zuen Eneko Goiak alkate izendatu berri eginiko lehen hitzaldian.

Bere hitzetan, ohorea da hiriko alkatea izaten jarraitzea; «orain arte egin dudan bezala, apaltasunez eta zintzoki lanean jarraituko dut donostiar guztien alkate izateko», esan zuen.

Orain arte udalean lan egin duten zinegotzien lana goraipatu zuen; «egun Donostia ezberdina da, hobea da, eta pertsona askoren lanari esker da hori». Horretaz gain, egun etorkizunari «ilusioz eta itxaropenez» begiratzen diola azpimarratu zuen.

«Erronkaz betetako etorkizuna dugu hiri oparoa eraikitzen jarraitzeko, inor bazterrean utzi gabe, eta nortasuna mantenduz. Eta, besteak beste, bizikidetza da esku artean dugun erronkarik handiena, eta horretarako guztiok gara ezinbestekoak», ohartarazi zuen jeltzaleak.

Amaitzeko, alkateak eskerrak eman zizkien herritarrei «zuen esfortzu, grina, elkartasun eta ardurari esker Donostia den bezalakoa» delako, eta udal talde guztiei eskua luzatu zien. «Talde guztiek dute zer eskaini. Hortaz, nire konpromisoa izango da guztiekin elkarlanean aritzea», adierazi zuen.

Joan den legealdian EAJk PSErekin batera gobernatu zuen Donostia, eta badirudi hurrengo urteotan akordioari eutsiko diotela. Ernesto Gasco PSEko bozeramaileak atzo adierazi zuen bere ustez herritarrek akordio bat eskatzen dutela, eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko gobernu «sendo eta iraunkorra» beharrezkoa dela.

Hiriaren kohesioa

EH Bilduren ordezkari Reyes Carrerek, berriz, talde subiranistak «herritarren guztien interesak babesteko» eta «auzoetako eskaerei erantzuteko» lanean jarraituko duela esan zuen.

EH Bilduk berdintasuna, euskara eta ingurumena defendatuko ditu, eta ekimenak aurkeztuko ditu hiriaren kohesioa eta etxebizitza eskubidea bermatzeko, horiek izango baitira udal talde horren lanaren ardatz nagusiak. Halaber, euskal presoen eskubideak aldarrikatuko dituzte eta elkarbizitza sustatzeko lan egingo dute.

Borja Semper PPko zinegotziak oposizio «zorrotz eta arduratsua» egingo dutela iragarri zuen atzo, eta Goiari udal talde guztiak kontuan hartzeko eskatu zion. Bere laguntza eskaini zion eguneroko kudeaketa azkartzeko, «proiektuak ez betikotzeko», gaineratu zuen.

Amaitzeko, Aitzole Araneta Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak, Donostiako Udalean egin beharreko lanari dagokionez, koalizioaren nahia elkartasuna eta ezberdinen arteko elkarbizitza sustatzen duen hiri bat eraikitzea dela esan zuen. «Gutxi batzuen interesak lehenetsi beharrean, gizarte politikak sustatu nahi ditugu, transfobia eta xenofobiaren aurka borrokatzen den hiri bat nahi dugu, inor atzean uzten duen hiri bat nahi dugu».

Bestetik, atzo hogei bat lagunek udaletxearen aurrean Donostialdeko Metroaren aurkako elkarretaratzea egin zuten. “Eskerrik asko... zuen boto eta konfiantzagatik: zuen dirua xahutzen segituko dugu!”, zioen pankartak.