Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

«Ego», «Demos», «Cronos»... Gorka Salcesen poesiaren ildoak

Une eta testuinguru desberdinetan idatzitako testuak jasotzen ditu Gorka Salcesek «Iraganaren izterrak» poesia liburuan, hiru ataletan banatuta. Donostia Kulturak eta Balea Zuria argitaletxeak antolatutako lehiaketara aurkezteko bildu eta antolatutako testuak dira.

Balea Zuria argitaletxeak Donostia Kulturarekin batera antolatzen duen poesia lehiaketaren bigarren edizioa irabazi zuen Gorka Salces Alcaldek eta orain aurkeztutako testuak biltzen dituen liburua argitaratu du. “Iraganaren izterrak” du izena, liburuaren muina laburbiltzen duen poema batetik ateratako esaldi bati erreferentzia eginez. Hori ez zen jatorrizko izenburua, “Cosmos” behar zuen, baina editoreei metafisikoegia iruditu zitzaien, irakurleak uxatu-edo egingo zituela. Hala ere, “Cosmos” hori ere agertzen da liburuan, atal moduan. Izan ere, idazleak berak azaldu bezala, liburuak hiru atal ditu: “Ego”, “Demos” eta “Cosmos”.

2013tik 2018ra idatzitako poemak biltzen ditu “Iraganaren izterrak”. Testu bakoitza bere bizitzako une eta testuinguru batean idatzi zuen Salcesek, eta hori nabaria da azken emaitzan. Horren erakusle, poemak lehiaketaren berri izan zuenean bildu eta antolatu behar izan zituen, eta atalka banatzea iruditu zitzaion onena.

Historiako lizentziatura eta masterra egin zituen Salcesek. Ostean, “Berria” egunkarian aritu zen bekadun, bere doktoretza tesia garatzeko balio izan zion zeregin batean: euskaldunek hedabideen aurrean dituzten iritziak, ohiturak eta jarrerak izan zituen aztergai. Egun, portugaletetarra Historia irakaslea da Bigarren Hezkuntzan. Hala ere, idaztea gustuko duenez, poemagintzan aritzen da eta hainbat sari jaso ditu. «Pasaia Hiria sariketan bigarren gelditu nintzen eta irabazlearekin erdizka liburu bat argitaratu zidaten. Horregatik esaten nuen orain arte liburu erdia besterik ez nuela. Jada ezin dut broma hori egin», esan zuen aurkezpenean.

Balea Zuria argitaletxea gazteen artean euskarazko poesia sorkuntza sustatzeko asmoz jaio zen. «Lagun batek esan zidan suizidatzeko modu polita dela», esan zuen aurkezpenean Aritz Gorrotxategi Balea Zuriaren sustatzaileetako batek. Izan ere, jakina da aro digitalean argitaletxe bat zabaltzea ez dela batere erraza, are gehiago euskara hutsezkoa eta poesiari eskainitakoa bada.

Balea Zuriak eta Donostia Kulturak elkarrekin antolatutako lehiaketa 35 urtetik beherako poetei zuzenduta dago. 2018ko sariketan hamahiru idazlek hartu zuten parte, bederatzi gizon eta lau emakume. Horietatik onena Salces izan zen. «Normalean gazteen lanek xalotasun puntu bat izaten dute. Horregatik harritu gintuen Gorkaren lanak, oso heldua baita. Nahiko zaila den zerbait lortzen du: lirismoa eta ironia uztartzea. Juan Kruz Igerabide etortzen zait burura», aipatu zuen epaimahaiko kide izan zen Gorrotxategik. Azaldu zuenez, aho batez hautatu zuten Salcesen lana.

Hiru atalak

Bere lanari buruz aipatutako heldutasuna hizpide hartuta, Salces berak esan zuen «legaltasunaren mugan» zegoela lana aurkeztu zuenean, 32 urte zituelako. Azaldu zuenez, “Ego” atalean daude testu biografikoenak, «itxaropen izpi bat dutenak», etorkizunera begiratzen dutenak. Bertan denboraren igarotzeaz hitz egiten du, baita hizkuntzarekiko duen kezkaz ere, ama hizkuntza gaztelania izanik zergatik erabaki duen euskaraz idaztea kasu. “Demos”-en «res publica» du hizpide, gizartea. Indibidualismoa eta iraganeko mamuak dira lantzen dituen gai nagusietako bi. Azkenik, “Cosmos” atalik metafisikoena da, «argi eta ilunen joko horretan argiari leku gehien egiten diona».