A.A.
LEKITTARRA

Gozatuz gozaraztera, burua galdu gabe

Isuntza gorengo mailara itzuliko da aurten, 2006an jaitsi zenetik lehen aldiz,eta esperientziaz gozatu nahi dute lekeitiarrek, filosofia aldatu gabe.

Inor gutxi gogoratuko den arren, Isuntza TKE Ligan aritu zen lehiaketaren lehen hiru edizioetan, 2003an, 2004an eta 2005ean. Maila galduz geroztik, KAE Ligan ibili da urtero-urtero bere filosofiari gogor eta gogoz eutsita: harrobia landu, etxeko arraunlariei aukerak eman eta estropada bakoitzean ahalik eta emaitzarik onena lortu kirola ulertzeko modu horri inoiz bizkarra eman gabe.

Emaitzak askotarikoak izan dira azken hamarkadan, batzuetan hobeak eta besteetan okerragoak, eta azkenean iaz iritsi zen askotan amestu baina gutxitan helburu bezala jarri izan duten maila igoera. Osertz Alday hondarribiarrak lan bikaina egin du 2016an Lekeitiora iritsi zenetik eta bere laugarren urtea berezia izango da, horren ongi ezagutzen duen Eusko Label Ligara itzuliko baita.

«Guztioi gustatzen zaigu aurrean ibiltzea, baina dagoen maila ikusita badakigu gure lekua aurreneko txandan egongo dela», onartu du entrenatzaile eta arraunlari gipuzkoarrak. «Gure helburua aurkari zuzenen mailan egon eta beraiekin orpoz-orpo lehiatzea da. Hasieratik atzean ez geratzea eta borrokan bete-betean sartuta egotea. Eta egoera hori baliatzea arraunlari bezala ikasten eta hobetzen joateko».

Blokea, bere horretan

Lekeition igoerarekin ez direla itsutu konturatzeko nahikoa da albistea osatzen duen arraunlari zerrenda begiratzea. Iaz KAE1 Ligan arraun egin zuen taldetik hemezortzi kirolarik bertan jarraitzen dute, bi baja bakarrik daude eta aurpegi berriak hiru dira: Mikel Goikoetxea, Adrian Gomez eta Mikel Ormaza.

«Talde borrokalaria da, nortasun handikoa, eta hori beti da garrantzitsua. Talde gaztea, ilusio handia duena eta urte asko daramatzana batera arraun egiten, eta horrek ere asko laguntzen du. Badakigu denboraldia oso gogorra izango dela, baina ezaugarri horiek asko lagunduko digute hobeto eramaten», deskribatu du entrenatzaileak bere taldea.

Eta denboraldi-aurreko estropadetan ikusitakoaren arabera, Isuntzak mailari eusteko borroka horretan aukerak izan ditzake, Astillero edo San Pedroren antzeko denboretan ibili baita proba askotan. «Ezin dira emaitza horiek oso kontuan izan, baina pozik gaude egindako lanarekin», onartu du Aldayk.