2019/06/18

Labore Txingudik babesa eskatu du kalera ireki eta handitzeko

Duela bi urte jaio zen Labore Txingudi, bailarako kontsumoa, ekoizpena eta elikadura eraldatzeko irabazi asmorik gabeko elkartea. Pixkanaka, jendearen laguntzarekin, indartzen doa eta pauso handi bat eman nahi du orain: Lakaxita gaztetxetik Irun erdialdera joanen da.

GARA|IRUN
0618_eko_labore

Bertako ekoizle, langile eta kontsumitzaileak elkartzen ditu Txingudi Laborek. Irun eta inguruko ekoizpena eta kontsumoa saretzen ditu erosotasuna eta konfiantza emanez. Arrautzak, gatza, jengibrea, garbantzuak, sagardoa, garagardoa, zukuak, kontserbak... Hemengo produktu ekologiko eta osasungarriak eskaintzen ditu ekoizle eta banatzaileekin eraikitako lankidetzari esker. Garaian garaikoak, freskoak eta hurbilekoak.

Produktu horien lagin bat mahai gainean jarrita, BDS Koop Eraldaketa Fabrikan prentsaurrekoa deitu zuten elkarteko kideek, eman nahi duten aurrerapausoa azaldu eta, bide batez, jendea informatzera eta eredu honen aldeko apustua egitera animatzeko.

Ikusgarria eta irisgarria

Oihana Galardi eta Miren Lantzek agertu zutenez, orain arte Lakaxita gaztetxean izan duten denda Irun erdialdera aldatuko dute. Alde batetik, ikusgarritasuna lortu nahi dute horrela; jende gehiagorengana ailegatzea. Irisgarritasuna ere bai, Lakaxitan lehenbiziko solairuan baitaude eta baxu batean egonen baitira aurrerantzean. «Irekitzeko pausoa da, jendeak ikusiz galde dezan». Bestetik, espazio handiagoa izanen dute. Urrian abiatzea da asmoa.

Horretarako bideragarritasun plana egiten eta erakundeen babesa bilatzen ari dira. Eta herritarren inplikazioa ere behar-beharrezkoa dute. «Gaur egungo 80 bazkideetatik 200era iritsi nahi dugu». Horrez gain, abal-emaileen premia dute.

Aurrerapausoa emateko mailegua eskatu du Labore Txingudik, Koop 57 kreditu kooperatiboa hain zuzen. Ekonomia eraldatzailearekin lotuta jarraituko dute horrela, Koop 57k kooperatibei zuzendutako kredituak ematen baititu.

Dagoeneko badute agroekologian lanean diharduten elkarte batzuen abala; batzuk kooperatibak dira eta besteak Laboreko bazkideak. «Hala ere ez dira nahiko eta jende gehiagoren konfiantza behar dugu proiektua ahalik eta hobekien aurrera eramateko». 30 abal-emaile inguru beharko dituztela kalkulatzen dute.

Ispiluak

Konfiantzan oinarrituta segitu nahi dute lanean, jendarte eragile bat gehiago bezala. Lantz eta Galardik azaldu zutenez, inguruko eskualdeetan antzeko egitasmoak gauzatu dira eta denbora gutxian indar handia hartu dute bertako herritarren artean. Babes instituzional handiagoa izateak horretan lagundu duela uste dute Labore Txingudiko lagunek. Euren elkartea pixkanaka-pixkanaka ari da indartzen, jendearen laguntzari esker.

Adibidez, Labore Oarso elkarteak harrera bikaina izan du eta 800 bazkide inguru ditu. Denda Beran duen Bidazi 200en bueltan dabil eta, Labore Txingudikoek erran zutenez, azken hori hurbilago ikusten dute eredu bezala. Iruñerriko Laborek 3.000 bat bazkide ditu, eta, Gasteizko Bio Alaik, 1.200.