A.A.
SAN PEDRO

Aldaketa gehitxo gauza onerako

Hamabi arraunlarik utzi zuten taldea iaz eta larri ibili dira trainerua osatzeko.

Neguan halabeharrez taldea eraberritu behar izatea ez da gauza berria San Pedrorentzat, ezta Mikel Arostegi entrenatzailearentzat ere. Azken urteotan behin baino gehiagotan gertatu zaio hori “Libia”-ri. Baina aurtengo negua agian denetan zailena izan da moreentzat. Iaz hamabi arraunlarik utzi zuten taldea arrazoi desberdinengatik, eta trainerua osatzea inoiz baino gehiago kostatu zaie.

Hala ere, gizon baikorra da Arostegi, erronkei beldurrik gabe aurre egiten diena, eta zailtasunak zailtasun denboraldi berriari gogoz heltzeko prest agertu da egunotan. «Baja asko izan ditugu, baina azkenean juntatu garenok gogo eta ilusio handiz gaude. Helburua mailari eustea izango da aurten ere, eta hortik aurrera etortzen dena ongi etorria izango da».

Aurpegi berrien artean gehienak etxeko gazteak dira, orain arte bigarren ontzian arraun egindakoak, baina horien alboan beteranoren bat ere badago, Garikoitz Tolosa eta Akaitz Jauregi, esaterako, beharrezkoak denboraldi luze eta gogor batean esperientzia jartzeko.

«Taldearen ezaugarri moduan esan liteke agian iaz baino indar gutxixeago daukagula, baina ongi entrenatuz eta lan eginda emaitzak iristen dira», aipatu zuen Arostegik, orain arteko probetan denetarik egin dutela onartuz, nahiz eta entrenamenduei garrantzia handiagoa eman estropadei baino.